Joxemari CARRERE
IIpuin kontalaria

Umezurtzak

Siharak eta Juanmak liburu denda txiki bat zabaldu zuten orain hiru urte, Oreretan, Noski. Txikia eta kuttuna. Eta poetak dira. Juanmak uste du bizitza osoan astirik ez duela izango etxean dituen liburu guztiak irakurtzeko; baina dendan, heldu berri diren liburuak apaletan jartzen ari dela, liburu umezurtzak irudikatzen ditu, “eraman zurekin, eraman zurekin” esaten diotenak; eta ezin die ukatu etxe goxo bat, laztanduko dituzten esku leunak, begiratuko dituzten begi samurrak.

Jakin badaki agian denbora luzez ez diola kasurik egingo liburu bati, baina izango dela momentu bat, arratsalde ez deus batean liburu pilan deskubrituko duela berriro, eta, berriro, sentsazio hura izango duela, liburu umezurtzaren eskaera, “irakur nazazu, irakur nazazu”. Orduan, tentu handiz pilatik atera, hautsa astindu, eta gogora etorriko zaio etxe bat eman zion eguna. Eta zergatik. Eseri egin da, liburua poliki zabalduz. Eta liburuak etxe bat eskaini dio.

Ipuinekin berdin gertatzen da. Halako batean, ipuin batek dei egiten dizu, etxean har dezazun xuxurlatzen dizu, istorio horrek zure ezpainen laztana behar du. Eta zurekin eramaten duzu, noiz arte jakin gabe. Iraupen traturik ez duzue egiten, elkarrekin goxo eta leun egon bitartean hitzak trukatuko dituzue. Eta badira betirako iraungo duten istorioak, eta badira une kartsu batean kontsumituko direnak. Umezurtzak gara, liburu batek edo istorio batek berarekin eraman gaitzan. Zain.