Amaia EREÑAGA
MAIATZAREN LEHENEKO MOBILIZAZIOAK

BERRIRO ZAPALDU DITUZTE KALEAK

EZ ZEN PANDEMIA AURREKO MAIATZAREN LEHENAK BEZALAKOA IZAN, EZER EZ BAITA JADA IRAGANEAN BIZI IZANDAKOAREN BERDINA, BAINA SINDIKATUEK KALEAK BERRESKURATZEKO URRATSA EMAN ZUTEN ATZO. KRISIAREN AURREAN KEZKAZ BETETA GUZTIAK, LABEK PROPOSAMEN ZUZENA BOTA ZIEN GAINONTZEKOEI: GREBA OROKORRA.

Plaza Biribileko Diego Lopez de Haroren estatua, Bilboko fundatzailearen omenez eraikitakoa, pandemia garaiko Maiatzaren Lehenaren metafora legez ulertu zitekeen atzo, haren oinetan sindikatuen manifestazioetako zutabeak elkartuz eta banatuz joan zirelako goizean zehar. Ausardiaz, “batasun desbateratua” bezala defini daiteke ikusitakoa. Halere, 2020an etxean sartuta bizi izan genuen Maiatzaren Lehena ahanzturan uzteko gogoari erreparatuta, Pablo Milanesen kanta etorri zitzaigun gogora: «Berriro zapalduko ditut kaleak»... bigarren urtez jarraian pandemiak mobilizazioak baldintzatu arren. Herrien arteko itxiera perimetralek behartuta –sindikatuak haserre oso azaldu ziren epaileek hartutako erabakiaren aurrean–, mobilizazioak deszentralizatu egin ziren, horrek dakarren ikusgarritasun galerarekin.

LAB izan zen mobilizazio gehien deitu zituen sindikatua. 30 herri baino gehiagotan egin zituen deialdiak, baita hiriburuetan ere. Baionan intersindikalaren manifestazioan hartu zuen parte, Lapurdiko hiriburuan egin zen mobilizazio jendetsuan, Maite Ubiriak berri eman zuenez. Lapurdiko hiriburuan, pandemiak eragindako krisia salatzeko Baionako antzokia okupatu duten artistek txaloka hartu zituzten manifestariak Herriko Etxearen aitzinean.

«Aldaketa garaia» ate joka

Bilbon langileek kaleak berreskuratu zituzten, nahiz eta, manifestazioak igarotzean, ez ziren ohi bezala jendez lepo beteriko espaloiak ikusten. Manifestazioen baitan ere agerikoa zen atzokoa ez zela ohiko Maiatzaren Lehena, baina baita sindikatuek muskulua atera nahi zutela ere. Langileen Nazioarteko Eguneko Bizkaiko hiriburuko hitzordua mobilizazio jendetsua izan da betidanik eta atzo ere horrela izan zen.

Zabalburu plazatik “Aldaketa da aukera. Zaintza, lana, bizitza, herria” lemapean manifestazioan atera aurretik, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak komunikabideak astindu zituen iragarpen batekin: «Egungo momentuak beste greba orokor bat eskatzen du eta LAB hurrengo greba orokorrerako adostasunak lortzen hasteko prest dago, hitz egiten hasi eta bide horretan adostasunak bilatzeko». Kapitalismoak krisiak bere burua «berrantolatzeko eta indartzeko» baliatzen ditu Aranburuk azpimarratu zuenez, eta «Europako funtsek dagoeneko finkatu dute joko zelaia, kapitalaren transnazionalaren neurrira egindako susperraldi ekonomikoa».

Bizi garen garaiotan aldatzeko gaitasuna funtsezkoa da. Aldaketa, hain zuzen ere, izan zen sindikatuen deialdietan gehien errepikatu zen hitza. LABen manifestazioa Bilboko udaletxera bidean zen bitartean, Kale Nagusitik eta Jesusen Bihotzetik beste sindikatu batzuk abiatu ziren: Steilas, CNT, CCOO eta UGT elkarrekin, eta, segizioa ixten, ELA. Azken horrek Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitu zituen manifestazioak.

Ibilbidean jarritako kaleko musikariek eskupeko onak eskuratu zituzten “Internazionala” jotzean. Politika munduko ordezkari ezagunak bildu ziren sindikatuen manifestazioetan, eta, pankartetan eta oihuetan, uneotan indarrean diren lan gatazkak islatu ziren: Tubacex, H&M... Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak adierazi zuenez, «aldaketa garaia» bizi dugu. «Urkulluk esan digu ez dela lan erreforma indargabetzeko unea. Erreforma fiskala egiteko unea ez dela ere esan digute. Aldaketarako garaia ez dela esaten digutenak, aldi berean, aldaketak prestatzen ari dira. Badakigu aste hauetan Bruselan eta Madrilen gai asko aztertzen ari direla, jokoan dagoena krisialditik irtetea baita. Aldaketa edo murrizketak, hori da kontua».

Pentsioekin eta lan erreformarekin kezkatuta dago ELA, baita «Sanchezen Gobernuaren opakutasunarekin» ere. ELAren ustez, bi marra gorri daude: hitzarmenen negoziazioa Euskal Herrian bertan egin behar dela eta kaleratze kolektiboak.

Krisi erraldoi baten aurrean gauden sentsazioa, borrokarako grina, arazoez ahazteko desira.... elkartu ziren atzoko manifestazioetan. Sindikatuak bata bestearen atzetik manifestatu ziren, elkarrekin baina nahastu gabe. Eta gero bakoitzak bere kabuz itxi zuen jaia: batzuek on Diegoren oinetan, beste batzuek Areatzako kioskoan eta azkenek udaletxean. Baina hau ez da hemen amaitzen, atzokoan agerikoa baitzen giroan mobilizazio gehiagoren aurrean gaudela.

«Ez gaituzue geldituko»

Donostian, Gasteizen eta Iruñean ere izan ziren manifestazioak atzokoan. Gasteizen Voxeko idazkari nagusiaren, Javier Ortega Smithen, “bisita” izan zuten, autokarabana batean parte hartu zuelako. Antza, Maiatzaren Lehena gurean pasa nahi zuen.

Nafarroako sindikatuei dagokionez, mobilizazioak antolatu zituzten, bakoitzak bere aldetik, deialdi desberdinekin, ordu eta leku desberdinetan, nahiz eta horien artean metro gutxiko tartea egon, Ibai Azparrenek azaldu zuenez. 1.500 lagun bildu zituen LABek Gaztelu Plazatik atera zen manifestazioan. Bertan ez zen falta izan sindikatuaren aurka egindako Polizia “operazioaren” aipamenik: «Bere mezua ulertu genuen, baina hemen doa gurea: ez gaituzue geldituko eta ez gaituzue gure bidetik aterako, kalean ikusiko dugu elkar eta azkeneraino borrokatuko gara», aldarrikatu zuen LABeko bozeramaile batek.

ELAk ehunka lagun elkartu zituen Iruñean, eta ESK, Steilas eta CGT sindikatuek batera egin zuten manifestazioa. Errekoleten plazatik abiatu zen mobilizazioaren ostean, pandemiarekin «krisi ekonomikoak krisi sozialarekin bat egin» duela ohartarazi zuten, baina «etsipenean ez erortzea» eskatu zuten, «sistema berri» baten alde borrokatzea beharrezkoa delako. «Ez genuen normaltasun berri bat nahi, zaharra ere ez genuelako onartzen», esan zuten.

CCOOk eta UGTk, bestalde, oinarrizko sektoreetako langileak omendu zituzten eta gobernuei eta enpresaburuei agindutakoa «betetzeko garaia» dela esan zieten. «Txalo zaparradetatik soldata igoeretara, enpleguaren egonkortasunera eta zerbitzu publikoen indartzera igaro behar da», esan zuen Chechu Rodriguez Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak. Aldi baterako erregulazio espedienteak «pandemiaren inpaktua iritsiko den tokiraino iristea» exijitu zuen.