GARA
ALTSASU

Altsasu, errefuxiatuentzako babesleku maiatzaren 15ean

Migratzaile eta errefuxiatuek babeslekua izango dute maiatzaren 15ean Altsasuko Iortia plazan. Hamabostaldi solidarioan kokatzen da atzo aurkeztu zuten ekimena. Mezu xenofoboen aurrean «Sakana ongietorri eremua» dela aldarrikatu nahi dute antolatzaile diren Mankomunitateak eta eragileek. «Han eta hemen entzuten ari garen mezu xenofoboen aurrean, Sakana ongietorri eremua dela aldarrikatu nahi dugu», nabarmendu zuten agerraldian.

Migratzaile eta errefuxiatuei harrera egiteko hamabostaldi solidarioaren baitan, datorren maiatzaren 15ean ongietorri elkartasun ekimen berezia egingo dute Altsasun. Bertan atzo egin zuten agerraldian azaldu zutenez, 10.00etatik 14.00etara Errefuxiatuen Kanpamentua eraikiko dute Iortia plazan.

«Kanpaleku horren baitan, ekimenak izango dira goiz osoan. Besteak beste, zurrumurruen aurkako ekimenak, Zaporeak proiektuaren ekarpenak, Pantxika Lamour artistaren lana, txikientzako ekintzak... izango dira. Irantzu Dantza eskolako Oihuarima Taldeak, berriz, Izaro abeslariaren ‘Errefuxiatuena’ abestia dantzatuko du. Help-NA Nafarroako suhiltzaile eta boluntarioen elkarteko kideek errefuxiatuen errealitatea hurbilduko digute eta haiekin egindako lana eta esperientziak ere bai. Errefuxiatuen papera egingo duten boluntarioak egongo dira. Kanpin denda barruetan, edo kanpoan, edota karpa azpian», aditzera eman zuten antolatzaileek.

«Han eta hemen entzuten ari garen mezu xenofoboen aurrean, Sakana ongietorri eremua dela aldarrikatu nahi dugu, errefuxiatu eta migratzaileentzat ere bai, nola ez. Sakana anitza nahi dugu, eta, horregatik, Mankomunitateak hamalau urte daramatza lanean, Anitzartean zerbitzuaren bidez, aniztasuna eta elkarbizitza landuz», nabarmendu zuten. Herritarrei hamabostaldian eta bereziki «ongietorri ekimen solidarioan» esku hartzeko deia egin zien David Oroz Sakanako Mankomunitateko presidenteak. Begoña Cestau Anitzartean Mankomunitateko Kulturartekotasun zerbitzuko arduradunak gogora ekarri zuen ekimenaren sorrera: «2020ko irail-urri aldera, Lesboseko errefuxiatu kanpamentuetako sutea zela-eta, Tarima Beltza taldeak Anitzarteani ‘A la deriva’ lana antzeztea eta sarreren dirua Zaporeaki bideratzea proposatu zion». Hortik atera zen hamabostaldiaren ideia. Helburuak, «errefuxiatuei elkartasuna adieraztea; Zaporeak proiektuari laguntza ekonomikoa ematea; sakandarren elkartasuna islatzea; errefuxiatu eta migratuei ongietorria ematea, are gehiago, egoera zail honetan; eta giza eskubideen inguruan hausnartzea».