Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Ikasgelak betetzearekin batera mugikortasunari loturiko mugak lausotu dira Ipar Euskal Herrian

Joan zen apirilaren 26an, ama eskoletako eta lehen mailako ikasleek amaiera eman zioten udaberriko oporraldia baino astebete lehenago frantziar Gobernuak ezarritako konfinamenduari. Gainerako ikasleek bezala, opor aurreko astean eskolak etxetik jarraitu zituzten, covid-19ak martxoaren bigarren hamabostaldian ukan zuen gorakadari aurre eginez Hezkuntza Ministerioak eskolak lasterrago ixteko agindua eman zuelako.

Kolegioan (bigarren hezkuntza) eta Lizeoan (batxilergoa) jarduten duten ikasleen kasuan, Hezkuntza Ministerioak astebete gehiago luzatu zuen neurria. Hala, apirilaren azkeneko astean etxetik jardun ondoren, atzo goizean berriz ere ikasgeletara itzuli ziren maila horietan ikasten duten gazteak.

Hainbat zentrotan, gainera, klase itzulera baliatuz baxoa probarekin lotuta Hezkuntza Ministerioak egindako proposamenaren aurka protestak egin zituzten iaz bezala ebaluazio jarraitua hobestea galdegin zuten ikasleek. Baionako Rene Cassin lizeoan eta Donibane Lohizuneko Maurice Ravel lizeoan, adibidez, blokeoak egin zituzten batxilergoko azken kurtsoetan dauden hainbat ikaslek.

Protokolo zorrotzagoak

Klase itzulerari begira Hezkuntza Ministerioak protokoloak zorroztu ditu. Covid-19ak bereziki kolpatzen duen lurraldeengan pentsatuz harturiko neurriak dira –ez da Ipar Euskal Herria barnean hartzen duen Pirinio Atlantikoetako departamenduaren kasua, non 100.000 biztanleko batez besteko 100 kasuko tasarekin itxi zen iragan astea–. Taldeak txikitzeko etxe eta eskola arteko errotazio sistemak ezartzea proposatzen da protokolo horretan.

Arau berriak diotenez, kasu positibo bat azalduz gero, klase osoa itxi beharko da astebetez, birusaren hedatzea mugatzea xede. Orain arte hiru kasu agertu ondoren hesten zen klasea.

Hezkuntza sindikatuak kexu azaldu dira Ministerioak ez duelako erantzunik eman covid-19a hartzen duten irakasleen ordezkapenaren auzian. Bestalde, apirilaren 26az geroztik abian izan behar ziren listu bidezko testak oraindik ere ez daude martxan. Ikusteke dago kolegio eta lizeoetan orokortu beharreko PCR autotestak noiz helduko diren ikastetxe guztietara. Hezkuntza Ministerioaren arabera, irakasle bakoitzak bizpahiru autotest eskuratuko lituzke astero eta ikasle orok bederen proba bat egiteko aukera izango luke.

Pandemia hasi zenetik egindako zazpigarren eskola sarreraren bezperan, «kurtso amaierarako irakasle guztiek txertoa hartzeko aukera» izanen dutela jakitera eman zuen atzo Hezkuntza Ministerioak. Alta, azken orduko iragarpen horrek ez du berritasun handirik ekartzen. Izan ere, iragan ostiralean sare sozialen bidez txertaketari buruzko plana ezagutzera eman zuen frantziar presidenteak. Emmanuel Macronek zehaztu zuenez, maiatzaren 15etik aurrera 50 urtetik gorako herritar orok ahal izanen du txertoa eskatu eta, ekainaren 15etik aurrera, berriz, 18 urtetik gorako herritar orok. Egutegia betetzen bada, irakasleek, beste edozein herritarrek bezala, uda aitzin ahalko dute txertoa jaso.

Ikasgelak betetzearekin batera, mugikortasunari loturiko neurri murriztaileen lausotzea ekarri zuen maiatzaren 3ak. Hori bai, oraingoz, mugan ez da inolako aldaketarik. Etxetik gehienez hamar kilometrora joateko muga desagertzeaz gain, Hexagono osoan «eskualdeen arteko bidaiak» egiteko debekua desagertu da. Ez, ordea, arratsaldeko zazpietatik goizaldeko seiak bitarte indarrean den etxeratze agindua. Macronek berrirekitzeari buruz marrazturiko egutegiaren arabera, heldu den maiatzaren 19an bi orenez gibelatuko da agindu hori, kalean 21.00ak arte ibiltzeko aukera zabalduz. Era berean, bigarren data horretan urriaz geroztik itxita dauden kultur eta kirol aretoek ateak zabalduko dituzte, baita jatetxeek eta ostatuek ere –hasiera batean, hori bai, terrazetan baizik ez dituzte bezeroak hartuko–. Lehentasunezko produktuak saltzen dituzten dendek bezala, aipaturiko lokalek ere osasun neurri zorrotzak errespetatu beharko dituzte betiere ateak irekitzeko.

Berrirekitzearen datak

Deskonfinamenduaren hurrengo geltokia ekainaren 9an finkatuta dago. Egun horretatik aurrera telelanari ekiteko agindua bertan behera utziko du Gobernuak. Lan presentzialetara itzultzearekin batera, ekainaren 9an, ostalariek beren lokalak behingoz ireki ahal izango dituzte. Hau da, terrazetan soilik ez, barnean ere bezeroak hartu ahal izango dituzte, betiere, noski, ezarritako neurriak errespetatuz (terrazetan bezala, sei lagun gehienez mahai bakoitzean).

Kirol aretoek ere ekainaren 9an irekiko dituzte ateak eta etxeratze agindua beste bi bi orduz atzeratuko da, 23.00ak arte. Azkenik, ekainaren 30ean etxeratze agindua guztiz kenduko dute eta, horrekin batera, ezarritako orduetatik kanpo salbuespenak aletzen dituen ziurtagiria ez da gehiago erabili beharko. Data horretatik aurrera gehienez mila pertsona biltzen dituzten kultur edo kirol ekimenak antolatu ahal izango dira berriz ere. Ordurako osasun ziurtagiria plantan eman nahi luke frantses Gobernuak, eta, horrenbestez, aipaturiko dokumentua daukaten herritarrek soilik ahal izango lukete lehendabiziko ikuskizun horietan parte hartu.