Asier AIESTARAN
TXIRRINDULARITZA

Nibali eta Evenepoel, Giroa korritzeko prest

Datorren larunbatean hasiko da Giroa eta bertan parte hartuko duten talde gehienek zehaztu dituzte jada eramango dituzten txirrindulariak. Gehienak jakinak ziren aurretik ere, baina beti egoten dira kolokan azken orduko aldaketa batzuk.

Lehen izen aipagarria Vincenzo Nibalirena da. Trek taldeko italiarra garaiz osatu da Suitzan entrenamendu batean izan zuen erorikotik eta atzo baieztatu zuen Torinoko irteeran izango dela larunbatean. Taldekide izango ditu Bauke Mollema, Giulio Ciccone, Gianluca Brambilla, Koen de Kort, Amanuel Ghebreigzabhier, Jacopo Mosca eta Matteo Moschetti.

Beste izen propio bat Remco Evenepoel gaztearena da. Deceuninck taldeak baieztatu du irteeran izango dela, nahiz eta iazko abuztuaren 15ean Lombardian eroriko larria izan zuenetik ez den lehiatu. Taldeko liderra Joao Almeida portugaldarra izango da eta taldea osatuko duten beste txirrindulariak Fausto Masnada, James Knox, Remi Cavagna, Mikkel Honore, Iljo Keisse eta Pieter Serry izango dira.

Euskal zaleen begiradak Bahrain taldean jarrita daude batez ere. Mikel Landa eta Pello Bilbao izango dira taldearen bi izen aipagarrienak, Giroa irabazteko helburua jarri dute gainera bien artean, eta laguntzeko izango dituzte Damiano Caruso, Gino Mader, Matej Mohoric, Rafa Valls, Jan Tratnik eta Yukiya Arashiro.

Astanari dagokionez, Gorka Izagirre izango da Giroan ariko den taldeko euskaldun bakarra. Liderra Aleksander Vlasov errusiarra izango da eta hari laguntzen saiatuko dira Luis Leon Sanchez, Fabio Felline, Matteo Sobrero, Samuele Battistella, Harold Tejada eta Vadim Pronskiy.

BikeExchange taldeak ere euskaldun bat izango du Giroan: Mikel Nieve. Liderra Simon Yates da eta aukeratutako beste txirrindulariak Michael Hepburn, Chris Juul-Jensen, Tanel Kangert, Cameron Meyer, Mikel Nieve, Nick Schultz eta Callum Scotson dira, igotzaile asko eta onak.

Eta Movistarrek ere eman du bere zortzikotea, euskaldunik gabea. Marc Soler aipatu dute lidertzat, eta harekin egongo dira Matteo Jorgenson, Einer Rubio, Nelson Oliveira, Dario Cataldo, Albert Torres, Davide Villella eta Antonio Pedrero.

Baieztatu diren beste taldeen artean, Lotto Soudal (Thomas De Gendt eta Caleb Ewan dira izen aipagarrienak), Bora (Peter Sagan, Emanuel Buchmann), Israel Start-Up Nation (Dan Martin, Patrick Bevin, Davide Cimolai, Alessandro de Marchi), DSM (Romain Bardet, Jai Hindley), Jumbo-Visma (George Bennett, Dylan Groenewegen) eta Qhubeka (Giacomo Nizzolo, Domenico Pozzovivo) izan daitezke zortzikorik indartsuenak.