Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Deabru zaharra

Egia balitz asko dakiela deabruak aspaldikoa delako, kasu egin behar liokete Heinz Alfred Kissinger zaharrari. Urteak, gutxik adina baititu: 97; eta ofizioa, nik behintzat ez diot ukatuko. Baina ez du ematen oso aintzat hartzen dutenik jada bere etxean: haren azken adierazpenen inguruko aipamenik ere ez da izan apenas Estatu Batuetan. Esaten ari dena ulertu ere egiten ez dutelako, beharbada.

Kontua da XX. mendeko Estatu-idazkari ospetsuenak –buruz argi oraindik, itxura guztien arabera; eta libururik edo antzekorik saldu beharrik gabe– adierazpen koordinatuak diruditenak egin dituela, egun gutxiren buruan, atzerriko hainbat hedabidetan. Mezua, ordea, berdintsua izan da guztietan: ez goaz, Estatu Batuak, bide onetik Txinarekiko liskar horretan. Gerra Hotz berri baten atarian egongo ginatekeela ondorioztatu dute, haren hitzetatik, adierazpenak aintzat hartu dituzten hedabideek. Hala da.

Baina hori baino gehixeago ere esan nahi izan duela iruditu zait niri. Alde batetik, Gerra Hotz-bis hori oso erraz bihur litekeela bestelako gerra... kudeatzaileen asmoen gainetik. Adimen artifizialak gaur egungo gerragintzan jada duen itzal ikaragarria ekarri baitu hizpidera; funtsezkoak izan daitezkeen erabakiak, norbaitek ez baizik «zerbaitek» har ditzakeela susmatzen duelako edo. Eta, agidanez, ez da fio gizakiek har ditzaketenak baino zuhurragoak izango liratekeela erabaki horiek.

Iradokizunaren bigarren atala, are gardenagoa dela esango nuke: Txina ez dela Sobietar Batasuna; ekonomikoki, batik bat. Nire itzulpena: bigarren Gerra Hotz horretan, lehiari eusteko ekonomikoki itolarrian ibiliko direnak AEBak dira, eta ez Txina. Beraz…

Horrelakoetatik abiatuta etorriko litzateke Kissinger ozen jaulki duen ondorio eta «norbaiti» helarazi dion mezu horretara: ba omen dira «azken soluziorik» ez duten arazoak (Txinarekiko lehiarena, bistan denez); eta arazoarekin elkarbizitza egiten ikasi behar omen da. Trumpi ere esan omen zion...

Txinaren ezagutzaile handiaren fama merezia du Kissingerrek. Ez dakit horrenbeste ezagutzen ote dituen «bere» Estatu Batuak.