Maider IANTZI GOIENETXE

Jende likidoaren lekukotasuna jaso du Nerea Arrienek, fikzioa eginez

Pandemia honetan, guztia hodeira joan zaigu: medikua, eskola… Eta eferbeszente bihurtu baino lehen, urezko jendearen lekukotasuna jaso nahi izan du Nerea Arrien Elordi idazle lekeitiarrak. «Jende likidoa» (Erein) ipuin liburu bat da, baina nobela baten gisara, giro bat sortzen du, Zigmunt Baumanen modernitate likidoarena. Etxeetan bezala, tabike hutsek banatzen dituzte narrazioak eta bizilagunen hotsak entzuten ditugu... baita haiek gureak ere.

Nerea Arrien Elordiren “Jende likidoa” (Erein) narrazio liburuko pertsonaiak urezkoak dira eta une oro interpelatuko dute Zigmunt Baumanen garai likidoa. «Beraiek ez dakite, baina irakurleak bai», zehaztu zuen idazle lekeitiarrak astelehenean Donostian egindako aurkezpenean. Hori izan du erronketako bat, beraiek baldin balekite zerk baldintzatzen duen beren bidea, obrak saiakera zentzua hartuko lukeelako eta fikzioa izan delako egilearen apustua.

Ura ez da gai epiko edo mitologiko bezala agertuko. Uraren bestelako ezaugarri batzuk hartu ditu: bere isiltasuna, baretasuna, moldagarritasuna, erritmikoa izatea, higatzeko duen gaitasuna. Egunerokotasuna ere halakoa delako. Eta ipuinok egunerokoan oinarrituta daude.

«Horregatik, aukeratutako urak prosaikoagoak dira: estoldak, malkoak, balde bat lixibaz betea, aquariumeko piszina bat, hoditeriak, harraska buxatuak…». Baldeari lotuta bebarru garbitzaile bat dator, bada arkitekto bat labarren ondoan etxeak egiten dituena… Pertsonaiak irudi horiekin lotuta datoz eta fauna akuatiko bat osatuko dute.

«Ez dut beldurrik izan likido hori hedatzeko, aske uzteko, karikaturizatzeko, fantasiara jotzeko. Batzuetan pertsonaiak teatralak dira, besteetan ertzetan daude. Hori positiboa izan da liburuarentzat», agertu zuen Donostian bizi den eta bertan irakasle dabilen idazleak.

Uraren zikloan bueltaka

Biokimika eta piano ikasketak ditu eta nabari da hori liburuan. Alde batetik, lizentzia poetiko bat hartuz, uraren zikloaren barruan bildu du dena. «Kostaldeko herri txiki bat da abiapuntua. Bizitza zaharra, berun hori. Baina kostaldeko herri horiek ere desagertzen dira, ez dago baxurarik, alturarik, kirol portu bilakatzen dira. Identitate asko izateko aukera ematen digu; batzuk ama dira, baina izan daitezke lagunak, langileak, emazteak… dena izateko aukera ematen dizu gizarte likidoak, zenbat eta gauza gehiago izan gehiago kontsumituko duzulako. Ura izan liteke lurruna, gasa, solidoa… baina azkenean uraren zikloan daude denak kateatuta, tranpa likido horretan».

Bestetik, maite ditu liburuetako soinu bandak eta musika ugari dago liburu honetan: bluesa agertzen da, eta Marisol.

Itsas mitologiatik urrun daude istorio hauetako protagonistak. Moby Dicken epikaren ifrentzuan. Txitxarro arruntaren parean. Egileak adierazi bezala, «domestikoak» dira, baina ez horregatik sinpleak edo xaloak. Amonak beti esaten zion: «Ez jarri hori, sinplea politena da beti». Baina hortik ihes egin du, domestikotasun horretan lore arraroak jarriz; «sofistikazio puntu bat».

«Perspektiba ariketa» gisa definitu zuen Arrienek bere obra. Hasieran begiralea kanpokoa da, era orokorrean begiratzen du Baumanen marea likidoa. Hortxe ikusiko ditu jendarte likidoaren gaiak, liburuaren habe izango direnak: maitasun likidoa, polimaitasuna, ezerezaren sentsazioak, bakardadea, irudiaren tirania…

«Perspektiba hori aldatzen joango da; zoom batekin hurbilduko gara marea likidora eta pertsonaia bakoitza hartuko dugu. Guztiek dute kanpo azal edo geruza amankomun bat: herratiak, zalantzatiak dira, eta alderrai ibiliko dira. Kanpo geruza hori iragazkorra izango zaie; beraien minak, bideak, pozak, bustita egongo dira garai likido hauetako gaiekin».

Ukitu poetikoa du liburuak, narrazioa aberasten irudiz betea. Eta ipuinek irabazi egiten dute elkarren ondoan, elkar osatzen dutelako.