Haritz LARRAÑAGA
URRUÑA

Igor Uriarte preso ohiari lurralde debekua kendu dio Parisko Auzitegiak

Estatu frantseseko lurraldean egoteko ezarri zioten debekua kendu dio Igor Uriarteri Parisko Auzitegi Korrekzionalak. Lehen aldiz, Parisko Fiskaltza Antiterroristak defentsarekin bat egin du eta kontuan hartu ditu akusatuaren egoera pertsonala eta familiarra. Irailean erabakiko du Baionako epaitegiak debekua hausteagatik zigortzen duen.

Alegría a la salida de prisión. | Iurre BIDEGAIN
Alegría a la salida de prisión. | Iurre BIDEGAIN

Parisko Auzitegi Korrekzionala Igor Uriarteri ezarri zioten lurralde debekua kentzearen alde agertu zen atzo arratsaldean. Lehen aldiz Fiskaltza Antiterroristak euskal preso ohi baten defentsarekin bat egin eta «ordena publikoari» kalterik ez diola egiten berretsi zuen. Maritxu Paulus-Basurco abokatuak «zinez urrats garrantzitsua» dela nabarmendu zuen, eta «epai honek beste euskaldunentzako aurrekaria ezartzea» espero duela adierazi zuen.

Orain Parisko Auzitegi Korrekzionalaren ebazpena gauzatzeko tramite administratiboak egin beharko dira, eta horrek epe batzuk bete beharra eskatzen du, baina abokatuaren esanetan, «epe zehatzik ez bada ere hilabete baten buruan edo, Urruñara itzuli ahal izango da normalki, zeren epailearen erabakia hor da, gero errekurtso epe bat bada, baina ez du zentzurik fiskaltzak errekurtsoa jarriko duela pentsatzeak, zeren audientzian defentsarekin bat etorri da; beraz, epaia exekutatzeko epe bat izango da eta, horren ostean, epaia formalki exekutatzen denean, Igor etxera itzuli ahal izango da».

Hurrengo urratsa Baionako epaitegian egingo du Uriarteren defentsak, irailaren 21ean lurralde debekua ez errespetatzeagatik egingo dioten epaiketan zigorra bertan behera uztea eskatuko baitu. Artean, ordea, eta tramiteetan arazorik ez bada, gasteiztarra bere Urruñako etxera itzuli ahal izango da, oraindik zehazteke dagoen epe baten barruan.

Zirrikitu bat ireki da

«Lehen aldia da fiskaltza antiterrorista euskaldun bati lurralde debekua kentzearen alde agertzen dela, bere familia- eta lan- egoera kontuan hartu dute, integratua dela esan du fiskaltzak, herriko etxean egin zen bilkura eta auzapezaren gutuna aintzat hartu du eta bere egoera egonkorra dela ondorioztatu du», azaldu zion NAIZi Maritxu Paulus-Basurco abokatuak.

«Edozein herritarrek bere bizitza pribatua eta familiarra garatu ahal izateko eskubidea duela esaten duen Europako 8. artikuluarekin alderatuta, lurralde debekua ezartzea neurriz kanpokoa dela ondorioztatu du fiskaltza antiterroristak», argitu zuen Paulus-Basurcok. Hots, itxaropentsu agertu zen Uriarteren defentsa etorkizunera begira: «Fiskaltzaren jarrera berria da, lehen ate hori erabat itxia zen; beraz, aldaketa esanguratsu bat izan da, baina goiz da esateko beste kasuei nola eragingo dien. Hala ere, esan daiteke zalantzarik gabe ebazpen hau aurrekari bat izan daitekeela».

Uriarterena ez da lurralde debekua kentzeko egin den eskaera bakarra; aurrez beste hainbat preso ohik ere eskaera bera egin izan dute eta guztiei Estatu frantsesean egoteko eskubidea ukatu zitzaien. Paulus-Basurco letraduak oroitarazi zuenez, azken ezezkoa iazko irailean jaso zuten; horregatik gasteiztarraren kasuan fiskaltzak izandako jarrera azpimarratu zuen. «Ordena publikoari ez diola kalte egiten esatea eta bere egoera pertsonala kontuan hartzea oso garrantzitsua da», nabarmendu zuen abokatuak.

Baionako auzian eragina

Igor Uriarte Lopez de Bikuña gasteiztarra 2013ko maiatzaren 7an atxilotu zuen Polizia frantsesak eta, epaileak ezarritako 6 urteko espetxe zigorra bete ostean, aske geratu zen 2018ko martxoaren 23an. Aldiz, Estatu frantsesean preso egon diren Hego Euskal Herriko preso askoren kasuan bezala, Uriarteri ere Estatu frantsesean egoteko lurralde debekua ezarri zion Parisko Auzitegi Korrekzionalak eta ondorioz, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egotea debekatua zuen espetxetik atera zenean.

Aitzitik, Urruñan laborantza enpresa bat eratzeko aukera izan zuen eta han hasi zen bizitzen, bizi normala egiten zuen, eta fiskaltzak onartu zuen moduan, «lehen egunetik Estatuko zergak ordaintzen zituen». Horrela aritu zen 2020ko urriaren 6an Polizia frantsesak Ziburun ezarritako errepide kontrol batean atxilotu zuen arte. Lurralde debekua ez errespetatzea leporatu zioten eta bi egun Baionako espetxean eman ostean epaileak aske utzi zuen.

Bere kontrako auzia abiarazi zuen Baionako epaileak urtebeteko epea eman zion bere «egoera administratiboa erregulatu» zezan. Artean, ez zuten gasteiztarra kanporatu, baina Estatu frantsesean egoteko debekuak indarrean jarraitzen zuenez atxilotua izateko arriskua zuen, eta ordutik Araban bizi da.

Baionako epaitegiak Uriarteren aurkako auzia ireki bezain laster defentsak lurralde debekua kentzeko eskaera egin zion Parisko Auzitegi Korrekzionaleko epaileari, eta honek atzo eman zuen ebazpenaren ostean, irailean Baionan egingo dioten epaiketan zigorrik ez jasotzeko aukera handiagoa du Uriartek, abokatuaren iritziz.