Asier ROBLES
BARAKALDO

Epaia betetzea exijitu diote PCBri eta lanpostuen alde egitea Lakuari

PCB-ITPko langile batzordeak ez du onartuko zuzendaritzak kaleratutako langileak berriro ez hartzeko hartutako «mendekuzko» erabakia. Iragarpena Barakaldon egindako agerraldian egin zuen. Era berean, Lakuari galdetu zion «zer gehiago behar duen» EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren ostean lanpostuak mantentzearen alde egiteko.

Kaleratutako 90 langileak berriro hartzera behartzen dituen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia osorik betetzeko eta iragarritako errekurtsoan atzera egiteko eskatu zioten atzo PCB-ITPko langileek zuzendaritzari. Barakaldo eta Sestaoko lantegiko buruen dimisioa ere exijitu zuten.

Barakaldoko lantegian egindako balorazioan, epaiak langile batzordeak hasieratik defendatutako tesiak berresten dituela nabarmendu zuten langileen ordezkariek. Izan ere, enplegua erregulatzeko espedientea eta horrek zekartzan kaleratzeak justifikatzeko arrazoi ekonomikorik eta produktiborik ez dagoela dio epaileak. «Covid-19ak eragindako krisiaz baliatzen saiatu da enpresa, soldaten pisua arintzeko eta Rolls Roycek ITP taldea saltzeko prozesua errazteko», azpimarratu zuten agerraldian.

Langileek nabarmendu zutenez, «urtebetean hirugarren aldiz, PCBko zuzendaritzak bere kontrako epaia jaso du, oraingoan gauzatu duen kaleratze kolektiboarekin lotuta».

Langileek kaleratze kolektiboari buruz emandako epaia betetzeko eta iragarritako errekurtsoan atzera egiteko eskatu zioten zuzendaritzari. Langile batzordeak salatu zuenez, zuzendaritzak ez du kaleratutako langileak berrartzeko asmorik lan kargarik ez dagoela argudiatuta. Langileek hori zuzendaritzaren «mendekuzko» erabakia dela nabarmendu zuten eta epaia osorik betetzeko eskura dituzten tresna guztiekin jardungo dutela argi utzi zuten. Zuzendariaren eta bere taldearen dimisioa ere eskatu zuten: «Erantzukizun produktibo ezak, epai judizialak eta langile guztiei eragindako kalteak abalik gabe uzten dute zuzendaritza».

Bestalde, PCB-ITPko langile eta ordezkari sindikala den Zigor Azpiolearen aurka lanpostuak defendatzeko protesten testuinguruan irekitako prozesu penala ezeztatzea ere eskatu zuen langile batzordeak.

Langileek Lakuako Gobernuak izandako jarrera ere jarri zuten mahai gainean, lanpostuen defentsan ez duela «ezer egin» nabarmenduz. Are, «protesten kontra Segurtasun Saila aktibatzea besterik ez du egin», salatu zuten agerraldian.

«Eusko Jaurlaritzatik laguntza publikoak jasotzen dituen talde bati (6,8 milioi euro 2016tik 2020ra bitartean) kaleratzeak nahi bezala egiten utziko diozu?», galdetu zioten Arantza Tapia EAEko Ekonomia sailburuari. Kaleratzeak baliogabetzen dituen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren ostean, «zer gehiago behar duen» galdetu zioten Lakuari, «lanpostu guztiak PCB-ITPn mantentzearen alde behingoz egiteko».

Tapiari bilera bat eskatuko diotela iragarri zuten langileek. Ezagutzera eman zuten ere Carlos Alzola ITPko zuzendari nagusiari sindikatu guztien artean adostutako zenbait punturen berri emateko asmoa dutela bilera batean. Puntu horien artean, kaleratze kolektiboaren inguruko epaia betetzea eta enpresak iragarritako errekurtsoan atzera egitea eskatzen da.

Elkartasunaren garrantzia

Bestalde, batzordeak adierazi zuen PCBn gertatutakoak «borrokan elkartasuna zein garrantzitsua den» berresten duela. Ildo horretan, «egoera latz honetan», Tubacex, Aernova, Alestis eta Petronor enpresetako langileei, pentsiodunei, gazteei, mugimendu feministari, alderdi politikoei eta bereziki Ezkerraldeko jendeari eskerrak eman zizkieten. Hori dela eta, irekitako gatazka sektorialetan parte hartzeko deia egin zuten, eta gaur Petronorreko langileek aldi baterako erregulazioaren aurka Bilbon deitutako mobilizazioan izango direla aurreratu zuten.