GARA
Iruñea

«Euskara Antzokira» aurkeztu du Sortzen elkarteak, euskal eskola publikoen jaia

Maiatzaren 15ean “Euskara Antzokira” ekimena antolatu du Sortzen euskal eskola publiko berriaren aldeko elkarteak. Atzo eskainitako prentsaurrekoan adierazi zuenez, covid-19ak eragindako osasun egoera dela eta, ezin izango du euskal eskola publikoen aldeko jaia ospatu, baina «hezkuntza komunitatea biltzeko beharra ikusita» ekimen berri honi ekin diote.

“Euskara Antzokira” ekimenaren oinarria euskara esparru akademikotik urrundu eta «aisialdian gure hizkuntzaz gozatzea» dela azaldu zuten Sortzeneko ordezkariek. Horretarako, Ezkaba, Sanduzelai, Hegoalde, Amaiur eta San Frantziskoko eskolek hainbat ikuskizun prestatu dituzte eta Antsoaingo antzokiko agertokian aurkeztuko dituzte. Egunari soinu banda jartzeko Pleura taldeko kideek “Aniztasunez sortzen” izeneko abestia konposatu dute.

Denetarik egonen da: antzerkiak, dantzak, bertsolariak eta kantak. Eguna amaitzeko Pleurak kontzertu txiki bat ere eskainiko du.

Edukiera murriztua dela eta, bi saio egongo dira, bat 12.00etan eta bestea 17.00etan. Sarrerak gaur jarriko dira salmentan 5 euroan, Antsoaingo udalaren web orrian. Ekitaldia streaming bidez jarraitzeko aukera ere eskainiko da.

«Ikasturte bukaeran, hizkuntza eta artea uztartuz, eskolen arteko batze moduko bat ospatzea dugu xede. Berriz ere, elkarlanean aritu eta gure komunitatea elkartu nahi dugu», azpimarratu zuten agerraldian.

Bestalde, “Nik + Zuk x Guk= Etorkizuna euskaraz!” leloarekin Nafarroako aurrematrikulazioa euskaraz egiteko deia luzatu zuen Sortzenek.

Kalitatezko hezkuntza aldarrikatu zuen Sortzenek, eta hori balio hauetan oinarritzen dela nabarmendu: «Belaunaldi berriei, bizi eta barnebiltzen dituen komunitatearen baitatik munduari irekita, bizitzan zehar garatu daitezen tresnak lantzen lagunduko dien hezkuntza; sormenerako eta eraldaketarako bitartekoak eskainiko dizkien hezkuntza; sentitu, pentsatu eta ekinez pertsona askeak bilaka daitezen ahalbidetuko dien hezkuntza».