GARA
IRUÑEA

Glovoko langileen aldeko epaia eman dute Bilbon

Glovoren aurka Gizarte Segurantzak abiarazitako prozesua eta LAB eta ELA sindikatuek defendatutako demanda aintzat hartu zuen atzo Bilboko Lan Arloko 11. epaitegiak, enpresaren eta bere langileen arteko harremana lan-arlokoa dela ebatzita.

Bilboko Lan Arloko 11. epaitegiak atzo jakinarazi zuenez, Glovo eta bere plantillaren arteko harremana lan-arlokoa dela ebatzi du, Gizarte Segurantzak abiarazitako prozedura eta LAB eta ELA sindikatuek defendatu duten demanda aintzat hartuz.

Hala, Bizkaiko ia 300 langileren lan-harremana aitortzen du epaiak, eta Lan Ikuskaritzak ezarritako aldiak kotizatzera behartu du enpresa, 343.814,44 euro alegia. Hala ere, martxoaren 26an hasitako epaiketaren sententzia ez da irmoa, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusian helegitea aurkez lezake enpresak.

ELAk ohar baten bitartez adierazi zuenez, sindikatuek eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak hasieratik defendatzen zutena baieztatu du ebazpenak: «Glovoren banatzaileak autonomo faltsuak direla eta, ondorioz, Glovoren eta haien arteko harremanak lan-izaera duela».

Epaia sektore honek pairatzen duen eta beste esparru batzuetara hedatzen ari den prekaritatearen aurkako «urrats garrantzitsua» dela nabarmendu zuen ELAk. «Gauzak horrela, eta Glovo eta antzeko enpresetako banaketa-lanak egiten dituzten pertsonen langile izaera eztabaidaezina izanik, erronka da langile hauei babes-esparru berri bat ematea, Langileen Estatututik eta lanbidearteko gutxieneko soldataren aplikaziotik harago joango dena», adierazi zuen sindikatuak.

Ildo horretan, ELAk ekimen bat jarriko du martxan langile hauek ostalaritzako hitzarmen probintzialen aplikazio eremuan berariaz sar daitezen, «1.200 euroko gutxieneko soldata bermatuz». Horrez gain, Glovoko langile horiei autonomo gisa ordaindutako kuotak eta BEZa itzultzeko prozedurak hasiko ditu ELAk, eta enpresak azken urteetan egin ez dituen kotizazioak erregularizatzeko ere exijituko du. «ELAk borrokarako bide sindikal eta juridikoak bilatuko ditu beti lan-merkatuaren liberalizazioaren aurka eta langileen prekarizazioan eta esklabizazioan oinarritutako enpresa-ereduen aurka», esan zuen sindikatuak.

LAB: «Mugarri bat da»

«Horrelako lehen epaia da Euskal Herrian, eta irmotasunaren zain, mugarri bat da. Ez bakarrik Glovoko langileentzat, baita plataforma baten bidez lan egiten duten langile guztientzat ere», adierazi zuen LABek ohar baten bidez. Kolektibo horiek duten babesgabetasun egoera iraultzeko bide luzeko lehen urratsa dela esan zuen sindikatuak; «baita langile klasea sektore horietan sindikatu gisa antolatu ahal izateko lehen urratsa ere, eta hor egongo da LAB», gaineratu zuen.

Bestalde, Ministroen Kontseilua izapidetzen hasiko den Rider Legearen inguruko iritzia ere eman zuen LABek. «Zuzenean interpelatu nahi ditugu Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdi politikoak, asmo handiagoko erregulazio baten aldeko jarrera har dezaten, uberizatutako sektore guztiak kontuan hartuko dituena».