Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Kodeak

Hipokratesen zina” Antzinako Greziako medikuntza testurik ezagunenetako bat da, ziur aski. Horren arabera, mediku berriak osasun-sendaketarekin loturiko jainkoei lanbideari loturiko zenbait arau etiko errespetatuko dituela zin egin behar die. Era berean, zinak ikaslea bere irakasleekin eta sendagile komunitate osoarekin lotzen du, bere gain familia-kide bati dagozkion ardura berberak jarrita.

Adituek uste dute Hipokratesen familiatik –medikuntzan jardun zuen lehen familiatik– kanpoko kideak trebatzeko aurreikuspenarekin sortu zela zina, haiengandik erabateko leialtasuna bermatzeko asmoz. Kontsultatu ditudan iturrien arabera, medikuntza eskola guztiek ez dute Hipokratesen zina aintzat hartzen, baina nolabaiteko kode deontologikoari erantzun behar diote medikuntza lanbide duten horiek.

Lanbide farmazeutikoaren kasuan, herrialdearen arabera kode deontologiko bat badago edo ez dago. Espainiar Estatuan 2015ean eman zen kodearen idazketa bukatutzat, eta farmazialarien jardunari zuzenduta dago, batik bat. Hots, ez ditu farmakologian aritzen diren horiek kontuan hartzen, nahiz eta ondo etorriko litzatekeen horientzat ere halako koderen bat garatzea. Baina hara, farmakoak produktu bat dira eta, zentzu horretan, merkatuaren legeari heldu behar zaio. Paradoxa bat: Alemania covid txertoen patentea kentzearen kontra agertu da, Hegoalde Globaleko herrialdeentzat hil ala biziko neurria den arren, eta Pfizer txertoa garatu duen bikoteko kideak Alemaniara immigraturiko turkiarren seme-alabak dira.