GARA
DONOSTIA

Kutxa Fundazioak Gipuzkoako bederatzi artistaren lanak erosi zituen 2020an

Pandemiak gogor kolpatu du kultura sektorea. Hori ikusirik, erosketa-programa bat jarri zuen abian Kutxa Fundazioak iaz, Gipuzkoako artearen sareari larrialdi-egoeraren aurrean laguntzeko aparteko neurri gisa.

Horretarako, aditu batzorde bat osatu zuen, eta orain jakin denez, artista hauen lanak erosi dituzte: Jaime de los Rios, Iñaki Gracenea, Zuhar Iruretagoiena, Sahatsa Jauregi, Maider Lopez, Asier Mendizabal, Elena Mendizabal, Pilar Soberon eta Azucena Vieites. Guztiak gipuzkoarrak, guztiak jardunean.

Erosketa-programa martxan jartzeko erabakia hausnarketa baten ondoren sortu zen, jabeturik «Gipuzkoako arte-sareari lagundu eta baliabideak eman beharra dagoela krisi une honetan», fundazioaren esanetan.

Aukeraketa egin duen batzordea aditu hauek osatu dute: Nekane Aranburu kultura-kudeatzailea, Juan Pablo Huercanos, Oteiza Museoko zuzendariordea; Mikel Lertxundi Galiana komisarioa; Ana Salaberria kultura-kudeatzailea; eta Ane Abalde, Kutxa Fundazioko Arte eta Ondare zuzendaria.

Kutxa Fundazioaren Arte Ederren Bilduma Kutxak eta bere aurrekoek –Aurrezki Kutxa Munizipalak eta Aurrezki Kutxa Probintzialak– osatutako bildumaren oinordekoa da. 5.500 pieza inguruz osatua, bilduma honek euskal artea du ardatz; batez ere, Gipuzkoakoa, XIX. mendearen amaieratik gaur egunera artekoa; hau da, garai baten lekuko da.