EDITORIALA
EDITORIALA

Eskoziatik, independentzia prozesurako lezioak

Eskoziako hauteskundeek, inoizko parte hartze handienarekin, gehiengo independentista nabarmena ekarri dute. Independentziari buruzko bigarren erreferendum bat egitearen aldeko argudio demokratikoa oso indartuta atera da eta pandemiaren ostean Londresekin talka konstituzional handia aurreikus daiteke. Koronabirusaren kontrako txertaketak izan duen arrakastan gotortuta, Boris Johnsonen ustez, erreferenduma orain planteatzea arduragabekeria litzateke, baina SNPko buru eta Eskoziako lehen ministro Nicola Sturgeonek argi adierazi dio une egokian erreferenduma martxan jartzeko prozesu legegilea abiaraziko duela eta berau blokeatzeko desafioa bota dio Londresi.

Eskoziakoa inportantea da Europako estaturik gabeko nazioentzat. Ez dirudi Kataluniako bidea hartuko duenik, ezta Londresek Madrilek bezala jokatuko duenik ere. Brexitaren itzala luzea da hemen. %62ko gehiengoarekin kontra azaldu ziren eskoziarrak, eta Sturgeonentzat erabakitzeko eskubidea indartzen du horrek. Londresek, baina, Europaren inguruan egin zituen bi erreferendumen arteko denbora tarte bera (1975-2016) eskatzen du. Gauzak horrela, fronte judizial eta politikoan borroka latz baterako osagai guztiak mahai gainean daude. Ikusteko dago, bestalde, Brexitarekin umiliatu zuten Europak Kataluniarekin izan zuen jarrera bera izango ote duen Europan sartzea eskatuko lukeen Eskozia independentearekin.

SNPren iraunkortasuna ikusgarria da. Hamarkada eta erdi boterean daraman indar abertzalea oso indartsua da Eskozian. Ez du gaurtik biharrera independentzia lortuko baina, zalantzarik gabe, hauteskundeetan urrats handia egin du norabide horretan, irteerako bidea argia ez den arren. 2014ko erreferenduma galdu ostean, batzuek independentismoa lurperatu nahi izan zuten. Hemen da zazpi urte geroago, berrindarturik, boto eta argudio gehiagorekin. Halakoak dira independentziarako prozesuak: pertseberantzia eta irauna eskatzen duten prozesuak.