GARA
DONOSTIA

Bideometria bidez kontrolatuko da edukiera Gipuzkoako hondartzetan

Udaberrian egonagatik, dagoeneko jende asko hasi da pentsatzen udako oporraldian eta osasun krisiaren testuinguruan hilabete horietan baimenduta egongo diren jardueretan. Ildo horretan, Gipuzkoako Hondartzen Lurralde Mahaiak atzo erabaki zuen hondartzen denboraldia ekainaren 15etik irailaren 15era luzatuko dela. Gainera, iaz bezala, “Nik hondartzak” aplikazioa erabiltzea proposatuko da edukierak kontrolatzeko.

Lakuako Ingurumen Sailak deitutako mahaian Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumeneko diputatuak, Monica Pedreira Gipuzkoako Ingurumeneko zuzendariak eta Donostia, Hondarribia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku kostaldeko herrietako udal ordezkariek hartu zuten parte, eta, Ingurumen Sailak iragarri zuenez, hobekuntza batzuk egingo dituzte hondartzetako edukiera kontrolatzeko sisteman, «herritarrei hondartzen erabilera segurua bermatzeko».

“Nik hondartzak” aplikazioa iaz jarri zen martxan eta 50.000 deskarga inguru izan zituen. Denboraldi honetarako bideometria-estazioen autonomia hobetuko dela jakinarazi zuten; besteren artean, itzalguneak saihesteko kameren akatsak zuzenduko dira, eta kontrol-ordutegia 20.30ak arte luzatu. Halaber, beste kamera bat jarriko da Mutrikuko portuko hondartzan.

“Nik hondartzak” aplikazioa, iaz bezala, 15 minutuero eguneratuko da, hareatza bakoitzaren okupazioari buruzko informazioa denbora errealean emanez eta hondartza bakoitzeko erabilera azalerari buruzko informazioa emanez. Mapa interaktiboa eskainiko du, kolore desberdinetako ikonoekin, hareatza bakoitzaren okupazioaren arabera. Halaber, udalentzako alerta-sistema bat izango du, edukieren eta marea igoeren inguruan informazioa jaso dezaten.

Bestalde, Ingurumen Sailak komunikazio kanpaina bat ere egingo du, koronabirusak eragindako infekzioak ez hedatzeko prebentzio-neurriei buruzko gomendioak zabaltzeko.