GARA
TRIATLOIA

Iazko etenaren ostean bihar itzuliko da Iruñeko Triatloi Erdia

Larunbat arratsaldean jokatuko da Iruñeko Triatloi Erdiaren seigarren edizioa. Iaz covid-19aren erruz bertan behera gelditu ostean, 700 kirolari baino gehiago biltzea espero dute ibilbidea moldatu duen proban.

Triatloia Allozko urtegian hasiko da, Aritzaleku kanpinean, 1,9 kilometroko igeriketa saioarekin. Ondoren, 74 kilometro egin beharko dituzte bizikleta gainean kirolariek Iruñera bidean. Amaitzeko, 17 kilometroko korrika saioa izango dute Nafarroako hiriburuko kale eta parkeetan barna.

Covid-19ak eraginda protokolo zorrotza jarraitu beharko dute kirolariek une oro. Aldaketen artean aipagarriena helmuga puntuarena izango da. Gaztelu plazan beharrean, Antoniutti parkean bukatuko da triatloia. Gainera, parte hartzaile kopurua erdira jaitsi behar izan dute antolatzaileek eta atzerritik heldutako triatloilarien kopurua nabarmen murriztu da.

Faboritoen artean Eneko Llanos, Cristobal Dios, Gustavo Rodriguez, Sara Loher, Aida Valiño edo Laura Gomez daude.