Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Naturaren indarra

Joan den apirilaren 28an, Texasen eratu zen ekaitz batek hamasei zentimetro luze zen txingor ale izugarri bat erorarazi zuen hodeitik lurrera. Kilo bat pasatxoko harri kozkor bat. Orain arte historian eman den txingor alerik handiena. Jakina da klima aldaketak muturreko fenomeno meteorologikoen ugaritzea eta indartzea ekarri duela. Baina, gaurko honetan, azken hamarkadotan zehar eman diren muturreko fenomenoen errekor batzuekin natorkizue.

1910ean, Heriotzaren Harana (AEB) deiturikoan, 56,7 graduko tenperatura maximoa eman zen. Sekula erregistratu den altuena. Aurkako kasuan, 1983an, Vostoken (Antartika), zeropeko 89,2 graduko tenperatura izan zen. Sekula erregistratu den hotzena.

Euriak ere eman zuen hizpidea 1966an, Indiako Ozeanoan kokatutako Reunion uharteetan. 24 orduko denbora tartean, 1.825 l/m² erori ziren. Erreferentzia bezala hartuta, Donostian urte guztian botatzen duen euria baina gehiago da hori.

Elurrak ere sekulako marka dauka utzita. AEBetako Baker mendian, 1998tik 1999ra bitarteko neguan, 29 metro elur pilatu ziren!

Eta amaitzeko, haizeak ere merezi du aipamen bat. 1999an, Oklahoman (AEB), tornado batek 484 km/h-ko haize bolada bat utzi zuen. Beldurgarria benetan.

Arazoa da, klima aldaketaren eraginez, errekor hauek berdindu edo gaindituko dituzten fenomenoak edukitzeko aukera igo egiten dela. Beraz, gure ahalmenen baitan, zaindu dezagun natura.