GARA
FUTBOLA

Bigarren Mailara igotzeko fasea hasiko dute Realak, Athleticek eta Amorebietak

Iritsi da Bigarren B Mailako taldeen helburua betetzeko asteburu garrantzitsuenetarikoa. Izan ere, gaur eta bihar hasiko da Badajozko probintzian Bigarren Mailara igotzeko fasea. Guztira hamasei talde arituko dira bertan, eta horietatik hiru euskaldunak dira: Reala B, Athletic B eta Amorebieta. Asteburu honetan zortzi talde sailkatuko dira bigarren fasea jokatzeko. Azken kanporaketa maiatzaren 22an eta 23an jokatuko da, Badajozeko probintzian baita, eta lau irabazleek igoera lortuko dute.

Euskaldunen artean, Xabi Alonso jokalari ohiak gidatzen duen Realaren bigarren taldeak Andorra izango du aurkari gaur (Almendralejo, 20.00) –Gerard Pique Bartzelonako jokalariarena da kluba eta Eder Sarabiak gidatzen du–. Donostiarrek beren taldeko lider bezala amaitu zuten liga, eta, horri esker, berdinketa batekin hurrengo fasera sailkatuko lirateke, Andorra bere taldeko hirugarrena izan baitzen aurreko fasean. Gogoratu behar da partidek luzapena izan dezaketela, baina ez penaltiak. Penaltiak soilik bi aurkariek ligan postu bera lortu duten kasuetan izango dira.

Hain zuzen ere, hori da Athletic B taldearen kasua. Izan ere, Joseba Etxeberriaren jokalariek bigarren amaitu zuten liga, eta bihar izango duten aurkaria (Villanueva de la Serena, 20.15), Onesimo Sanchez Valladolideko eta Bartzelonako jokalari ohiak gidatzen duen Celta B, bigarren izan zen baita aurreko fasean. Beraz, bien arteko partidak ezin du berdinketarekin amaitu. Horrela gertatuko balitz, luzapena eta penaltiak egongo lirateke.

Hirugarren euskal taldea Iñigo Velez de Mendizabalen Amorebieta da. Gaur jokatuko du Linaresen kontra (Badajoz, 20.00). Bizkaitarren aurkaria bere taldeko lider bezala iritsi da.

Zenbait klubek eskatuta, hiru partidaren ordutegiak aurreratu egin dira, taldeen eta zaleen joan-etorria errazteko. Izan ere, Extremaduran zaleen presentzia onartzen da zelaietan, edukieraren %75 gehienez ere.