Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

Emakumeari, amari, pandero eta trikitiarekin eskainitako kantuak

AMAK laukote gipuzkoarrak atzo aurkeztu zuen Baga Biga ekoiztetxearen eskutik kaleratu duen lehenengo diskoa, taldearen izen bereko lana. Askotariko melodia eta letrak biltzen ditu, baina helduleku bitan topo egiten dute kantuek zein taldekideek: amatasunean eta emakume izatean. «Trikipop» kontzeptutik aldendu nahi izan dute taldekideek, eta, dantzagarria ez ezik, «eserita entzun daitekeen» trikitia ere proposatzen diote entzuleari.

Panderoa eta trikitiarekin, baina trikitia entzuteko beste modu bat proposatzen dute AMAK taldeko kideek izen bereko diskoko zortzi kantuen bitartez, “trikipop” kontzeptutik aldendu nahian. Ez da oximorona: trikitia eserita ere entzun daiteke, eta hori bilatu dute Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solanok.

«Kantu guztiak ez dira dantzagarriak, gure kontzertuetan jendea eserita egoten da, ez&bs;[pandemiak sortutako] egoerak agintzen duelako, guk hala nahi izan genuelako baizik. Beti erlazionatzen da trikitia feriekin, festarekin, txirrindulari lasterketekin, baina trikitia lasai-lasai entzun daitekeen musika ere bada», argitu zuen Telletxeak atzo Donostiako Koldo Mitxelena Kulturenean egindako aurkezpenean.

Ausaz edo patuz

Ausaz elkartu zen laukote gipuzkoarra, halako musika proiekturik bilatu gabe, orain bi urte Oñatiko trikiti jaialdi batean batera jotzeko deitu zituztenean. Aurrerantzean beste hainbat jaialditatik deika hasi zitzaizkien. Eta ausaz edo patuz sortu zuten AMAK, taldeko kideen izenen lehen hizkiekin osatuz proiektuaren izena; eta izana, laurak baitira ama.

Musikan esperientzia handia pilatutakoak dira taldea osatzen duten lau emakumeak, aurretik beste egitasmo batzuetan ibili baitira. Alaitz eta Maider bikotean ibili zen Alaitz Telletxea, Maixa ta Ixiar bikotean Maixa Lizarribar, eta, azkenik, Amaia Oreja eta Kristina Solano batera aritu ziren Kristina eta Amaia eta M-n Ezten taldeetan.

Orain arte eman dituzten zuzenekoetan, AMAK taldeko kideek aurretik eginak zituzten kantuak hartu eta bertsionatzen zituzten, haien «gustuko kantak hartu eta zuzenean eman», Telletxeak atzo esan bezala. Gero Baga Bigaren proposamena jaso zuten, eta hala sortu zen diskoa, lau gipuzkoarren «enegarren alaba».

Diskoa Xabi Solanok ekoiztu du, eta hainbat kolaborazio izan dituzte, Karmele Jaio, Onintza Enbeita eta Olaran elkartearena, kasurako.

Askotariko letrak eta melodiak

Kantuetan askotariko gaiak jorratu dituzte, kasurako, bada bat «Gerra Zibilean fusilatutakoen omenez» egina, beste bat, Onintza Enbeitaren letra duena, amorruaren inguruan hitz egiten duena eta, “Gona gorria” kantak, taldearen lehen single-ak, adierazpen askatasuna du hizpide. Baina badira bi ezaugarri taldekidek bereizten dituztenak: amatasuna eta emakume izatea. Hala, Karmele Jaiok idatzitako “Bai ama” ama guztiei eskaini diote eta “Egiaren arnasa”, berriz, «baztertuta egon den eta urte luzez lanean aritu den baserriko emakumeari», Telletxeak azaldu zuenez.

AMAKen kantek beti dute alboan soinua eta panderoa, eta ahots polifonikoekin dotoretzen eta osatzen dute melodia bakoitza. Trikiti doinu dantzagarriak, kalejirak eta arin-arinak badaude, baina badira, baladak edo bals bat ere, hau da, pausatuago entzuteko doinuak.

Haien lehen proiektua izanik ere, taldeak badu atzetik ibilbide bat egina, 2020an, kulturak une gordinenak bizi izan zituen urtean, hogei zuzeneko eskaini baitzituen. Eta, gutxienez, beste hainbeste hitzordu finkatu dituzte datozen hilabeteetarako. «Erakarpena» deitu dio Baga Biga ekoiztetxeko Ritxi Aizpuruk fenomeno horri: «Iman bat bezala erakarri dute jendea».

Larunbatean izango da AMAK taldearen diskoa aurkeztu ondorengo lehenbiziko kontzertua, Bergarako Seminarixoan, baina sarrera guztiak agortu direla aurreratu zuten atzo taldekideek, aipatu erakarpenaren seinale.

Datozen hitzorduen datak (Aia, Urnieta, Errezil, Zumarraga eta beste) AMAK taldearen webgunean daude ikusgai.