Asier ROBLES
BILBO

Erreferenduma babesteko mobilizazioa deitu dute uztailaren 3an Bilbon

Hamaika Gara ekimenak erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bultzatzeko mobilizazioa deitu du uztailaren 3an, Bilbon. Prozesua sostengatzeko beste ekintza batzuk ere jarri ditu martxan.

Gure Eskuk eta beste hainbat eragilek sortutako Hamaika Gara ekimenak erreferendumaren aldeko sinadura bilketari babesa emateko mobilizazioa deitu du uztailaren 3an, Bilboko Areatzan. Atzo, eragile deitzaileen ordezkariak Bizkaiko hiriburuan bildu ziren, egitasmoaren xehetasunak emateko eta beste ekintza batzuen berri emateko.

«Neke handiz pandemiari aurre egiten ari gara eta dagoeneko talde immunitatea lortu ondorengo agertokian jarrita dugu burua. Badirudi ez dagoela oso urrun, baina egoera horretara noiz helduko garen jakitea baino, garrantzitsuagoa iruditzen zaigu nola helduko garen erabakitzea. Krisi honetatik nola irtengo garen gure esku dagoela uste dugu», nabarmendu zuen Amalur Alvarez Gure Eskuko bozeramaileak eragile guztien izenean.

Covid-19aren pandemiak eragindako egoera ikusita, aurrera egiteko burujabe izatea «hil edo biziko» kontua izan daitekeela adierazi zuen Alvarezek. «Autogobernu esaten dioten horrek ez digu bizi dugun osasun krisiari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzeko gaitasunik eman. Autogobernua hau bada, onar dezagun zintzotasunez ez dela nahikoa», gehitu zuen.

Oinarriaren garrantzia

Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak ere hartu zuen hitza, eta «edozein gairi buruz erabakitzeko tresnak izatearen garrantzia» azpimarratu zuen. Horrenbestez, erreferendum bidez erabakitzea posible egiteko lanean ari direla adierazi zuen, eta prozesua sostengatzeko «oinarri zabal bat» beharrezkotzat jo zuen: «Oinarria da arrakastaren bermea».

Jon Fano Gaur Geroa pentsiodunen elkarteko bozeramaileak hurrengo hilabeteetarako Hamaika Garatik proposatutako ekintzak azaldu zituen. Batetik, Hamaikagara.eus webgunean sartu eta erreferendumaren aldeko manifestua sinatzeko deia egin zuen. Bestetik, kanpainaren eskumuturrekoa erostea eta janztea eskatu zuen Jon Fanok, «ekimenarekiko konpromisoa adierazteko, ikusgarritasuna emateko eta finantzaketan laguntzeko».

«Hamaika sinaduren erronkari eustea» ere eskatu zuen Fanok, hau da, inguruko hamaika lagunek manifestua sina dezaten saiatzea. Dagoeneko 11.000 sinaduratik gora lortu ditu egitasmoak. Azkenik, uztailaren 3an Bilboko Areatzan deitu duten mobilizazioan parte hartzearen garrantzia nabarmendu zuen. Mobilizazioa Udaletxeko eta Areatzako zubien artean egingo da, itsasadarra agertoki bilakatuz. Ekitaldi kultural eta politikoa ere izango da. Parte hartzeko konpromisoa berresten duen txartela 5 euroren truke eros daiteke webgunean.

«Sinadura bilketak babes masiboa lortzen badu, tamainako erantzuna eman beharko dute erakunde publikoek», adierazi zuen amaitzeko Iribarrenek.