Imanol INTZIARTE
Elkarrizketa
IKER OLAETA
GERNIKA ERRUGBI TALDEKO JOKALARIA

«Final parekatua izango da, baina La Vilaren zelaian irabaztea ez da txorakeria, posible da»

Iker Olaeta (Gernika, 1990) Gernika Errugbi Taldeko kapitaina da. Basurdeek Ohorezko Mailara itzuli nahi dute, eta, bide horretan, bi aukera dituzte. Lehena, igande honetan bertan, La Vilaren zelaian (12.00). Galduz gero, Independiente Santander taldearen aurka izango dute sasoi bitxi honetako azken erronka.

Orain arte jokatutako partida guztiak irabazi eta gero, aurrez aurre lehiatuko dira igande honetan La Vila eta Gernika, Errugbiko Ohorezko B Mailaren finalean. Irabazleak igoera lortuko du; galtzaileak, berriz, beste aukera bat izango du.

 Orain arte denboraldi perfektua osatu duzue, baina azken pausua ematea falta zaizue.

Bai, “plenoa” egin dugu. Orain arte egin dugun urtea hamarrekoa izan da.

 Lehendabiziko fasean Hernanik zirudien zuen arerio gogorrena, baino nahiko eroso ibili zineten…

Lehen itzulian genuen arerio indartsuena Hernani zen, bai, baina gure multzoa nahiko indartsua zen eta partida gaitzak izan genituen. Liga erregular batean ez da erraza asteburuero maila mantentzea, jendea prest izatea, koronabirusaren kontua… Arerio guztiak asko errespetatu genituen, zortea izan genuen eta lehen fase oso ona egin genuen.

 Normalean zortea edukitzea beti da garrantzitsua, lesioak direla eta ez direla, baina, aurten, pandemiarekin, are eta gehiago, ezta?

Bai, azkenean aurten edozer alda zitekeen, lesioak aparte utzita. Lehenengo fasean, esaterako, gure etxean [Urbieta zelaian] Hernaniren kontra azkenengo minutuetan zigor kolpe bategatik irabazi genuen. Gauzak estu egon dira. “Plenoa” egin dugu, baina gure alde jausi diren norgehiagoka batzuk zorteak lagunduta erori dira gure alde.

Gero igoera fasea hasi zen. Fenix Zaragoza eta CRC Pozuelo utzi dituzue bidean…

Fenixen kontra ondo irabazi genuen [20-8], baina bagenekien La Vila, CRC eta gu ginela talde indartsuenak. Etxean jokatu genuen, zelai faktorea alde izanik; bigarren zatiko azken minutura arte galtzen joan ginen eta, azkenean, luzapena eta guzti behar izan genuen hiru puntugatik irabazteko [23-20].

 Zuek espero al zenuten hain ondo ibiltzea?

Dudak eduki genituen. Pasa den urteko taldetik nahikoa aldaketa egon dira, baina, egia esanda, kanpotik etorri direnekin asmatu egin da, eta etxekoak ere oso ondo ibili dira aurten. Iaz play-offen atarian pasa zen pandemiaren kontua, justu oso ondo ginen momentu batean. Pasatakoak pasa eta gero, klubak eta jokalariok aurtengo helburua berriro Ohorezko Mailara igotzea izango zela esan genuen. Eta horretan gabiltza.

 Orain, finala, Alacanteko La Vilaren aurka. Nolako taldea da? Aztertu duzue?

Bai, CRCren aurkako partida eta gero garaipena ospatu bagenuen ere, hurrengo egunean bertan hasi ginen La Vilaren partidak ikusten. Talde nahiko konpletoa da eta euren zelaian jokatuko dugu. Hara joan eta ea nori ateratzen zaizkion gauzak hobeto, zeinek egiten dituen akats gutxiago. Final parekatua izango da, baina han irabaztea ez da txorakeria, posible da.

 Non egongo da basurdeen indarra? Eta ahultasuna?

Aurrealde oso indartsua daukagu aurten, eta hortik joko dugu. Eta ahultasuna beroa izan daiteke; tenperatura altua bada ez da erraza izango. Gainera, zelaia oso lehorra da.

 Igoera lortuz gero, Bizkaiko talde bakarra izango zarete Ohorezko Mailan, Getxoren jaitsiera eta gero. Garai batean Hego Euskal Herriko lau talde zeundeten maila nagusian, baina orain Ordizia geratu da bakarrik, besteon zain…

Niri pena handia eman dit Getxo jaistea, Ohorezko Mailan derbiak egon izan direnean oso politak izan baitira. Harmailak beteta egoten dira, aste berezia izaten da, telebistan eta irratian informazio gehiago agertzen da errugbiari buruz... Hori guztia gure kirolarentzako positiboa dela uste dut.

 Azkenean, El Pantanoko harmailetan zaleak egongo dira.

Bai, jendeak joateko aukera izango du, alarma egoera kendu dutelako. Klubak ehun sarrera lortu ditu eta lehenengo egunean hirurogei saldu zituen, jendea animatu da. Hori bai, ez da autobusik antolatu, bakoitza bere kabuz joango da. Denboraldia, jenderik gabe, oso tristea izan da. Final laurdenak eta finalerdiak etxean jokatu eta zelaia hutsik; oso tristea da.