GARA
PILOTA

Jexux Andueza pilotari ohia zendu da 64 urterekin

1978an munduko txapeldun eta 1979an Bigarren Mailako Buruz Buruko txapeldun izan ondoren, 22 urte egin zituen Azkoitiko Oteiza pilota eskolako arduradun gisa eta mordo bat Gurea pilotalekuko kantxero gisa.

Aurtengo Buruz Burukoa Azkoitiko Gurea pilotalekuan hasi zen egun berean, luzaroan frontoia zaindu eta beti hain dotore egotearen ardura izan zuen Jexux Andueza pilotari ohia hil zen atzo, 64 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz. Irabazitako txapelketez haratago, Anduezatarren dinastian seigarrena izandakoak sekulako lana egin zuen pilotaren sehasketako bat izan den Azkoitian, bertako pilota eskolako arduradun izan baitzen 22 urtez.

Kirol ibilbidea ere oparoa izan zuen Jexux Anduezak. Afizionatuetan urrea lortu zuen buruz buru Baionan eta Biarritzen 1978. urtean jokatu zen Munduko Txapelketan eta aurretik, urte berean, Espainiako Txapelketa ere irabazi zuen.

Buruz Burukoan finalerdietan

Emaitza on horiek lagunduta profesional mailarako jauzia eman zuen 1979an. Bergarako Udal Pilotalekuan jokatu zuen profesional mailako lehen partida eta, urte horretan bertan, Bigarren Mailako Buruz Buruko txapela jantzi zuen, finalean Arzelusi irabazita. Hurrengo urtea ere oparoa izan zuen, Lehen Mailako Buruz Burukoan finalerdietara heldu baitzen Migel Bengoetxea, Gorostiza eta Roberto Garcia Ariñori irabazita. Antton Maizek utzi zuen finaletik kanpo Julian Retegik lehen txapela eskuratu zuen urtean.

Baina arlo profesionaletik harago, Jexux Andueza lan eskerga eginikoa da Azkoitiko Oteiza pilota eskolan. 1995ean hartu zuen bertako ardura eta bere eskutik irabazi zituen Azkoitiak Gipuzkoako Herriartekoan eskuratu dituen azken hiru txapelak, 1999an, 2003an eta 2006an. Aurretik, pilotari bezala beste hiru zituen irabaziak, 1974an, 1975ean eta 1977an. Pilota, ofizio baino, pasio zuen gizon horietakoa zen Andueza, herriz herri transmisioan egindako lanagatik behar beste esker jaso ez duen horietakoa, agortzen ari den belaunaldi bateko kidea.

Zabaletak ikusmina sortu du

Kirol alorrari dagokionez, bada Jose Javier Zabaletak Buruz Burukoan zer egin dezakeen ikusteko ikusminik. Labriten estreinatuko da, Arteagaren aurka.