Floren Aoiz
@elomendia
JOPUNTUA

M-15aren beilaren oihartzunak

Beilarena Twitterren ikusi dut, eta esanguratsua iruditu zait nondik eta M-15aren mundutik bertatik etortzea irudikatze hori. Nekez pentsa zitekeen duela hamar urte gauzak hala joanen zirenik, baina, egiari zor, inork ere ez zuen halako leherketarik espero eta, beraz, ustekabetik ustekabera joan dira gertaerak. Hori bai, batzuek esanen dute beraiek bazekitela, ezkerrean halakoak ugariak baitira. Izan ere, urteurrenaren harira zabaldu diren irakurketa asko erraz labur daitezke: «Ikusten? nik arrazoia nuen/dut/izanen dut!».

Halakoetatik, alta, ezin da gauza handirik ikasi, azterketak baino promozio aldarriak direlako. Nago bestelako begiradak behar ditugula, fenomeno horretan agertutako alde onuragarriak eta kezkagarriak aintzat hartzeko gaitasunaz, ikastea baita helburua, ez arrazoia izatea. Beila aipatu badut, mugimendu horrekin bat egin zuen jende askoren ikuspegia aipatzeko da, ez zaurian eragiteko, ez baitut uste berri ona denik espainiar Estatuan azken garaiotan gertatu den gauzarik onenetako bat hain bizkor hondoratu izana.

Ni ez naiz erabateko horizontaltasun idilikoaren defendatzailea, jendartearen potentziaren kudeaketan ikusten baitut politikaren funtsa eta, beraz, afera ez da M-15aren potentzia alderdi eta instituzioetako parte hartzearen bidez kudeatu izana, horrek derrigorrez ekarri behar zuelako galera, baizik eta oinarrizko taupada horren suntsipen sistematikoa, alde batetik, eta, bestetik, alderdietan eta instituzioetan potentzia horrekin egin dena. Bestela esanik, arazoa da oinarrizko xinaurri lana deuseztatu eta xinaurri sareak zigortu dituztela, eta ez direla gai izan instituzioetan indar horiek hobe baliatzeko.

Tentagarria da hau hasieratik idatzita zegoela pentsatzea, baina hori arrazoia izateko beste bide bat da. Galdera emankorragoa da zergatik xahutu den potentzia hori, lider gaiztoen sinplekerian erori gabe. Eta uste dut denok badugula zer ikasi erantzuteko saioan.