GARA
BILBO

Sindikatuen bilera eskaerak enplegu publikoa indartzeko

Apirilaren 22an enplegu publikoa babesteko grebara deitu zuten sindikatuek bilerak eskatuko dituzte Lakuarekin, Eudel Euskal Udalen Elkartearekin eta alderdi politikoekin, «haien esku dagoelako zerbitzu publikoak indartzea eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten EAEko 60.000 langile baino gehiagori enplegua bermatzea».

ELA, LAB, CCOO, Satse, ESK eta Steilas sindikatuek greba eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko dutela jakinarazi zuten atzo, Lakuak eta alderdi politikoek «enplegu publikoa sortzeko eta sendotzeko beharrezko pausoak eman eta zerbitzu publikoak indartu arte». Bilbon egindako agerraldian iragarri zutenez, bilerak eskatuko dizkiete Lakuari, Eudeli eta alderdi politikoei, «haien esku dagoelako zerbitzu publikoak indartzea eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten EAEko 60.000 langile baino gehiagori enplegua bermatzea».

Sindikatuek iragarri zutenez, datozen asteetarako honako mobilizazio hauek adostu dituzte: maiatzaren 25ean manifestazioa Gasteizen; ekainaren 1ean elkarretaratzeak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publiko osoko lantokietan; eta, ekainaren 5ean, manifestazioak Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Sektore publiko osorako deitutako mobilizazioei eta apirilak 22ko grebari buruzko «oso balorazio positiboa» ere egin zuten sindikatuek. Ez zuten, aldiz, balorazio bera egin Lakuak, gainontzeko erakundeek eta alderdi politikoek horietan egindako eskaerei emandako erantzunaren inguruan.

«Jaurlaritzak, propaganda egitetik harago, euskal sektore publikoko 60.000 langile baino gehiagoren egoera egonkortzeko urratsik eman gabe jarraitzen du. Europako behin-behinekotasun tasa altuena du EAEk, eta, bitartean, pribatizazioaren alde egiten jarraitzen du Jaurlaritzak», salatu zuten. Gainerako erakundeei eta alderdi politikoei dagokienez, sindikatuek ez dute «benetako proposamenik» ikusten «gure herrian zein zerbitzu publiko nahi eta behar diren erabakitzeko eta euskal enplegu publikoa sendotzeko».