Asier AIESTARAN
TXIRRINDULARITZA

Ez da Van der Poel geldituko duenik

Mathieu Van der Poel (Alpecin) geldituko duenik ez da. Mendiko bizikletan prestatu eta lehiatzeko tarte bat hartu ostean –Tokioko Jokoak ditu jomugan– errepideko probetara itzuli da Suitzan, eta orain arte korritu diren hiru etapetatik bi irabazi ditu. Atzoko garaipenak, gainera, maillot horia janzteko aukera eman dio herbeheretarrari.

Hirugarren etapak 182 kilometro zituen Lachen eta Pfaffnau artean, eta, irabazlea esprintean erabaki zen arren, borroka latza izan zen hainbat kilometrotan. Oilar nagusiak ere jo eta ke aritu ziren azken kilometroetan. Van der Poel bera eta Julian Alaphilippe (Deceuninck) izan ziren, adibidez, urrunetik erasoa jo eta beste faborito guztiak jokoz kanpo uzten saiatu zirenak, baina Ineos indartsu agertu zen une oro eta ez zien sokarik askatu horretarako.

Esprintean Mathieu Van der Poel oso indartsu agertu zen berriz ere. Urrutitik abiatu zuen esprinta eta beste gizon azkarrek ezin izan zuten menderatu.

Oscar Rodriguez, bigarren

Mont Ventoux Challenge proban Miguel Angel Lopez aise nagusitu zen, baina Oscar Rodriguez nafarra bigarren sailkatu zen Enric Masi aurrea hartuz.