Ion GARATE
Elkarrizketa
PATXI GAZTELUMENDI
«GU ERE BAI!» EKIMENEKO KIDEA

«Ez da soilik Euskal Selekzioa bultzatzea, baizik eta kirola eskubide guztiekin jorratzea»

Ekainaren 26an Euskal Selekzioen Aldeko Eguna ospatuko da Bilbon, «Gu ere bai!» plataformak antolatuta. Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta Bizkaiko hiriburuko hitzordua ofizialtasunaren aldarria «Euskal Herritik mundura» zabaltzeko leiho bezala ikusten dute, Patxi Gaztelumendi plataformako kideak NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketa honetan azaldu legez.

Duela urte bat jaio zen “Gu ere bai!” ekimena, Euskal Selekzioen alde egiteko sortu zen dinamika, alegia. Iazko martxoan 750 kirolarik berretsitako manifestua aurkeztu zuten. Besteak beste, Euskal Selekzioen nazioartekotasuna aldarrikatzen zen, hala nola kirolarien eskubideak bermatzeko aukera guztiak ere. Urtebete igaro den honetan, Euskal Selekzioen aldeko aldarria kalera ateratzeko egun osoko egitaraua antolatu dute datorren ekainaren 26rako, “Euskal Herritik mundura!” lemapean. Patxi Gaztelumendi ekimeneko kideak azaldu duen bezala, «azkenean Eurokopa Bilbon jokatuko ez den arren, horrek ez dio indarra kentzen gure aldarriari. Izan ere, guk gure kirolariak gure koloreekin, gure selekzioarekin ikusi nahi ditugu Eurokopa, Munduko Txapelketa edota Olinpiar Jokoetan».

Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatuko duzue eta, horretarako, «Euskal Herritik mundura» lemapean, egun osoko ekimena antolatu duzue Bilbon. Zertan datza?

Ofizialtasuna Euskal Herritik mundura zabaldu nahi dugu. Uste dugulako gure kirolak, euskal kirolak, aukera onak dauzkala nazioartean lehiatzeko. Selekzio batzuk dagoeneko ofizialak dira, sokatira kasu; gainera, irailean Munduko Sokatira Txapelketa egingo da hemen Euskal Herrian. Futbolean ere aldarria egina dago, UEFA eta FIFAra aurkeztu zuen eskaria Federazioak. Honetan guztian euskal gizartearen bultzada behar-beharrezkoa da, federazioek, erakundeek, kirolariek eta herritarrek batera egin behar dugulako bultza. Horretarako izango da egun hau.

Euskal selekzioaren ofizialtasunaz gain, hizkuntza, lurraldetasuna, berdintasuna edota aniztasuna ere izango dituzue aldarri.

Bai, “Gu ere bai!” sortu da euskal kirola bultzatzeko. Eta euskal kirolak berarekin dakartza hainbat behar eta aldarrikapen. Guretzat berdintasuna, adibidez, gakoa da; generoagatiko bereizketarik ez egitea da gure helburua eta horretan badira adibide eredugarri batzuk, 2019an emakumezkoen futbolariek egindako greba edota nazioartean gure kirolariak egiten ari diren markak kasu. Horrek erakusten du mutil edo neska izan zer gaitasun duten eta guretzat aldarrikapen hori funtsezkoa da.

Lurraldetasuna da beste bat, guk nahi dugulako Euskal Selekzio bat non zazpi herrialdeetako kirolariak arituko diren. Hizkuntzarena ere oso garrantzitsua da, izan ere, ikusten dugu hizkuntza dela nazio baten marka; kirolak eta hizkuntzak eskutik joan behar dute. Ahalegin handiagoa egin beharko da eskola kiroletik eta kirol profesionaletik hizkuntza eskubideak bermatuak izan daitezen eta euskara gero eta gehiago erabil dezagun. Berdin aipa genezake aniztasunarena, kirola egiteko guztiok dugun eskubidea, edo nazioartekotasuna, guk nahi dugulako gure kirola Euskal Herritik mundura abiatzea. Alegia, ez da soilik Euskal Selekzioa bultzatzea, baizik eta euskal kirola bere eskubide guztiekin jorratzea. Hori da “Gu ere bai!” ekimenaren egiteko nagusi bat, zazpi erronka horiek (euskal kirola, berdintasuna, lurraldetasuna, hizkuntza, nazioartekotasuna, ofizialtasuna eta aniztasuna) bermatzea.

Zazpi aldarri nagusi horiek nabarmentzeko kultur eta kirol arloko zazpi ekimen antolatu dituzue igandean. Tartean dira martxak, herri kirolak…

Bai, 10.00etan bizikleta itzuli bat abiatuko da; 80 kilometro egingo dituzte Bizkaiko mendebalderantz, Balmaseda aldean. Eta ordu berean oinez ere Bilbo inguruko mendietatik mendi martxa bat abiatuko da. Horren ostean lau bertsolari handi izango ditugu Arriaga ondoan jarriko dugun eremuan: Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Jone Uria eta Oihana Bartra. Aspaldi esan zuen Xabier Amurizak bertsolaritza zela hitzaren kirol nazionala. Horrez gain, herri kirolariak ere izango dira; proba ezberdinak izango dira eta tartean Euskal Herriko txapel bat baino gehiago eskuratuta dauzkaten kirolariak arituko dira. Umeentzako egitaraua ere egongo da; egurrezko jolasak egongo dira, ipuin kontalari bat izango da eta “Printzesa eta futbolaria” antzezlana ere eskainiko da. Arratsaldean, 17.00etan, kalejira aldarrikatzailea izango da ekimen nagusia. Hor ekitaldi bat egingo dugu.

Zein izango da ekitaldi nagusiaren xedea?

Ekitaldi horretan gure aldarria publiko egin eta ofizialtasunaren alde jendea batzeko agerraldia egingo dugu. Zazpi erronka horiek gauzatu nahi ditugu, euskal selekzioak ofizialak izatea funtsezkoa da aldarrikapenok bultzatzeko. Ekitaldian hori guztia islatu nahi dugu jendearen parte hartzearekin.

Futbolean, 2020an, Euskal Futbol Federazioak Lakuako kirol zuzendaritzaren sostenguarekin ofizialki egin zuen FIFA eta UEFAko kide izateko eskaera. Oraindik ere lan asko egongo da egiteko, ezta? Nola dago kontua?

Kontua hotz dago. Tartean Euskal Futbol Federazioan hauteskundeak izan dira, zuzendaritza berria dago eta Futbol Federazioak bere buruari urtebeteko epea jarri dio. Aurretik dauzkagu sei-zazpi hilabete eta herritarrok eta kirolariok akuilu lana ere egin beharko dugu. Garrantzitsua da futbolean zer emaitza lortzen den, eta horri gehitu behar zaio beste federazio batzuetan ere eskaerak egingo direla ofizialtasuna aldarrikatuz. Kirolez kirol mugiarazi beharko da kontua, gure herriak horrela nahi duelako.

Emakumezkoen futbolean hurrengo urtean lau euskal talde izango ditugu Lehen Mailan (Alaves, Athletic, Eibar, Reala), gizonezkoetan Bigarren Mailara igo dira Reala B eta Amorebieta, eskubaloian Bera Bera txapeldun izan da eta Bidasoa azpitxapeldun, saskibaloian Bidaideak ligako txapeldun izan berri da, Asier Fernandez eta Odei Jainaga atletak sekulako markak egiten ari dira… Euskal kirolak momentu oso onean jarraitzen du, ezta?

Bai, hala da. Euskal kirola oso txertatuta dago herri honetan, bai kirolarien aldetik, daukaten mailagatik eta proba bakoitzean lortzen duten emaitzengatik, eta baita zalegoaren aldetik ere. Ez dugu ahaztu behar Euskal Herrira etortzen direnean hori aipatzen dutela kanpoko kirolariek ere, izan sokatirako txapelketetan, izan harmailetan… Izaera bereziko partidak izaten dira Euskal Herrian jokatzen direnak. Horrek guztiak bultzatzen gaitu esatera euskal kirolak behar duela hauspo bat herriz herri, maila txikietatik gorenera, eta sustengu hori da zaleek islatu behar duguna. Guretzat une oso gozoak dira aipatu ditugun lorpenengatik, baina, era berean, badakigu aurten eskola kirolean baja asko egon direla pandemia eta debekuen ondorioz.