Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Parot anaien eta Esnalen askatasuna eskatzeko martxa Lapurdiko kostaldean

Bake Bidea mugimenduak Baiona eta Donibane Lohizune lotuko dituen oinezko martxa antolatu du uztailaren 10erako. Guztira, 31 kilometroko ibilaldia izango da, hau da, «Jakes Esnal, Unai Parot eta Jon Parotek espetxean pasa duten urte bakoitzeko kilometro bat», azaldu zuten Anaiz Funosas eta Jean-Daniel Elichiry Bake Bideko bozeramaileek Baionan eskaini zuten prentsaurrekoan.

«Iraganaren irakurketak sor ditzakeen ezberdintasunez harago, militante hauen askatasuna ezinbestekoa den zerbait bilakatu da lurralde mailan», nabarmendu zuen Funosasek.

Horrekin batera, bizi dugun «testuinguru eta lerratze politiko kezkagarriaz» ohartarazi zuten Bake Bideko kideek: «Urteak dira zinezko lerratze baten lekuko garela terrorismoaren kontrako ildoan. Lerratze horrek, Euskal Herriaren errealitate politiko eta sozialaren irakurketa eta euskal presoekiko jokabide juridikoa itxuragabetu ditu denboran».

Hargatik, mobilizatzen jarraitzeko beharra azpimarratu zuten eta “Denbora badoa! Orain presoak!” dinamikan parte hartzeko deia luzatu zuten. «Euskal delegazioaren eta Parisen arteko harreman bidea irekia da, baina ez du ekarri eskatutako aldaketarik, horregatik jarraituko dugu behar den mobilizazio maila mantentzen, Parisek uler dezan zer den herri honek nahi duen garapena», zehaztu zuen Funonsasek.

1990eko apirilean atxilotu zituzten Parot anaiak eta Esnal, iazko azaroan baldintzapean aske geratu zen Frederic Xistor Haranbururekin batera. Haranbururen kasuan egin bezala, beste hiru presoak ere aske uzteko eskaria luzatu zuten Bake Bideko ordezkariek.