Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Zahar eta gazteen manifestua

Marikoi zikina!» oihuen artean Basaurin kolpatu duten gaztearen albistea jaso dut zutabearekin ari nintzela. Ideiak hankaz gora jarri behar zizkidan berria izkiriatua nuena berrestera zetorrela konturatu naiz.

Basauritik datorren Mari Luz Estebanen “Andrezaharraren manifestua”-z aritu behar nuen. Zahartzaroa aldarrikatzeko arrazoiz josita dago liburua, antropologia poesia bihurtu duen lana. Baita helduon belaunaldietakoak garenok lotsarazteko moduko lezioz ere.

Herrietan «andrezaharrek» ustez sortzen zuten ikaraz akordatu naiz. Batzuk, ezkondu nahi ez zutelako; beste asko, emakumeak maite zituzten emakumeak zirelako; denak izan dira irainduak. Baina, akaso, eurak ziren beldurrez; akaso, nik armairutik irteteko izan nuen beldur bera sentitzen zuten.

Helduok, zaharrekiko bezala, gazteekiko dugun jarrera sasibabesleak lotsarazten nau. Denaren errudun egiten ditugu gure adinekoak zaintzeko sareak josi dituzten horiek.

«Marikoi zikina» oihukatuz kolpatu dute. Madarikatzen ditut marikoiak kolpatzen dituzten gazteak. Baina are gehiago madarikatzen ditut marikoiak, bollerak eta zaharrak parlamentu batetik kolpatzeko zilegitasuna legeztatu duten helduak.

Eta maite ditut egun ni bollera harro bat egin nauten iraindutako «andrezahar» denak eta harro naiz Francisen modura kolpatutako marikoi eta trabestiez.