GARA
Bilbo

Apavik erantzun ezean, autoeskolek mobilizatzen jarraituko dute

Bizkaiko autoeskoletako langileek bigarren greba eguna izan zuten atzo, eta erantzun zabala izan zuen, ELA eta CCOO deitzaileek esan dutenez.

Bi sindikatu horiek gogorarazi zuten Bizkaiko autoeskoletako langileek hamaika urte daramatzatela lan hitzarmena berritu gabe. Horrekin batera, sektoreko langileen soldatak, ordutegiak eta gainerako lan baldintzak erabat prekarioak direla nabarmendu zuten.

ELA eta CCOO sindikatuek esan zutenez, Apavi patronalak ez du aldarrikapenak kontuan hartzeko asmorik. 2020ko urrian jarri zen martxan negoziazio-mahaia, baina zortzi hilabete luzeren eta bi greba- egunen ondoren taxuzko erantzunik ez dutela jaso salatu zuten.

«Hori aldatzen ez baldin bada, mobilizazio eta greba dinamikarekin jarraitu beste biderik ez digute utziko», gaineratu zuten ELA eta CCOO sindikatuek.