Ramon SOLA
IRUÑEA

David Urdin aske, Auzitegi Nazionalean kondena larri bat saihestuta

David Urdin burlatarra aske utzi zuen atzo Auzitegi Nazional espainolak, bertaratu eta Fiskaltzarekin akordioa lortu ostean. Bi urteko zigorra ezarri diote, baina hasieran 27 urteko eskaera egin zuen Fiskaltzak bere kontra, kale borroka egotzita.

Atzo epaitu zuten salbuespenezko auzitegian, eta Fiskaltzarekin akordioa lortu ostean horretan gelditu da kondena, kartzelara itzuli beharrik gabe. 2007tik 2009ra bitartean hamabost hilabete eman zituen preso.

2007an Nafarroako hainbat tokitan trenbideen aurkako sabotajeak egin izana leporatzen zioten Urdini. Ohi bezala, kale borrokako ekintza horiek «terroristatzat» jotzen zituen Fiskaltzak eta ondorioz 27 urtez kartzelatzea eskatu zuen.

Geroztik oso egoera zailean egon da Urdin, jazarpenari iskin eginez, isolatuta. Atxilotze agindua emana zen bere kontra. Atzo Auzitegi Nazionalean bere burua aurkeztu ondoren gauzatu zuten atxiloketa, baina jarraian egin zen epaiketa eta akordiora iritsi ziren bertan; hala, kondena bi urtera murriztea lortu zuen Burlatakoak.

Trenbidearen aurkako ekintzengatik Adif-i eman beharreko kalte-ordaina Urdinek jada eman duela eta eragindakoa bere gain hartu duela baloratu zuen Fiskaltzak (bere garaian ere onartu zuen baina, hala ere, 27 urteko zigor eskaera jasan behar izan zuen). Kalteak eragiteagatik sei hilabeteko bi delitu egotzi dizkio epaiak eta sua pizteko osagaiak izateagatik urtebeteko beste bat: guztira, bi urte.

Ekintza horiengatik beste lau gazte nafar auzipetu zituzten Urdinekin batera, eta Burlatako bizilagun hau zen epaitzeko falta zen bakarra. Baina azkenean konpondu da bere egoera.