Asier ROBLES
basauri

Jendetza batu da Basauriko eraso homofoboa salatzeko

Hainbat eragilek deituta, milaka lagunek Basaurin larunbatean izandako eraso homofoboa salatu dute eta horrelakoak berriz ez gertatzeko neurriak aldarrikatu dituzte. Erakundeei haien politikak aldatzeko eskatu diete. Gizarte- egitura eredua jarri zuten jopuntuan, «hori baita horrelako erasoei bide ematen diena». Biktimaren amak erasotzaileek egin dutenagatik ordaindu behar dutela nabarmendu zuen eta zigorgabetasunik ez duela onartuko.

Milaka pertsonak Basaurin ekainaren 6an izandako eraso homofoboa salatu eta horrelakoak berriz ez gertatzeko neurriak aldarrikatu zituzten atzo arratsaldean Bizkaiko udalerrian.

Erasoa igande goizaldean gertatu zen; hamahiru gazte Ekain Perrinorengana hurbildu ziren, eta ukabilkadaka eta ostikadaka hasi zitzaizkion, irain homofoboak oihukatuz. 23 urteko gaztea Galdakaoko ospitalera eraman behar izan zuten. Poliziak bederatzi erasotzaile identifikatu ditu.

Basauriko Asanblada Feminista (BAF), Kiskali Basauriko Gazte Talde Feminista, Hego Uribeko Neska Gazteak, Txarraska Gaztetxea, Koordinadora 28J, Intifada Marika, Ehgam, Sare Lesbianista, Ozen! taldea, Iris Taldea, Ukatu Uribe-Kosta eta Harro! plataformak deitutako manifestazioa 19.00etan abiatu zen Basauriko udaletxetik eta eraso homofoboa gertatu zen Bizkotxalde parkean bukatu zen.

Ibilbidean zehar “Erasorik ez, erantzunik gabe” eta “Ekain, Basaurik zurekin dago” leloak entzun ziren.

Ekainen ama, Silvia Gomez, manifestazioaren buruan zihoan pankartari eusten, eta oso argi mintzatu zen: «Parke honetara datozen gazteek ezin dute horrelako erasorik jasan. Hil egin zezaketen. Erasotzaileek egindakoagatik ordaindu behar dute; ez dut zigorgabetasunik nahi. Eskerrak eman zizkien manifestazioan parte hartu zuen jendeari eta EH Bilduri auzia Gasteizko Legebiltzarrera eramateagatik. «Ez gara geldituko justizia egin arte», esan zuen.

Manifestazioaren amaieran, protestara deitu zuten eragileek manifestu bat irakurri zuten, gertatutakoa salatuz eta «mota guztietako eraso diskriminatzaileak gaitzetsiz».

Gaur egungo gizarte-egitura eredua jarri zuten jopuntuan, «hori baita horrelako erasoei bide ematen diena». «Gorputzei ezarritako dominazio sexualaren sistema egunero-egunero gutako bakoitzari existentzia baztertu eta ukatzera iristen da», adierazi zuten.

Ekain oso hunkituta

Erasoa gertatu zenean bertan zeuden pertsona guztiei testigantza ematera dei egin diete, «betiere pribatutasuna kontuan hartuta».

«Bada garaia biktimek sufritzeari uzteko eta ekintza horien erantzuleak seinalatzeko. Erantzun egin behar dugu. Gure gizartea leku segurua bihurtzen lagundu behar dugu, urteko egun guztietan», esan zuten ekitaldi amaieran.

Ekain hunkituta agertu da jasotako babes eta maitasun adierazpenengatik. «Eskerrak eman nahi dizkiet babesa ematera etorri diren guztiei; denok batera gaude honetan», adierazi zuen.