A.A.
PILOTA

Jon Ander Peñak hiru urterako luzatu du kontratua Baikorekin

Jon Ander Peña tolosarrak beste hiru urterako luzatu du Baiko Pilota enpresarekin duen kontratua. Aurrelari gipuzkoarrak Binakako Txapelketa bikaina jokatu eta Jon Ander Albisurekin finaleraino heldu da, eta enpresaren itxaropen handienetako bat da datozen urteetarako.

Peña II.ak 23 urte ditu, 24 egingo ditu datorren uztailaren 18an, eta jada lau urte eta erdi luze daramatza profesionaletan, debuta 2016ko urriaren 8an egin baitzuen Tolosan bertan, etxeko Beotibar pilotalekuan.

Denbora horretan Promozio mailako aurrelari onentsuena izan da. 2019an Promozioko Lau eta Erdiko Txapelketa irabazi zuen eta “bigarren” maila horretan beste lau final ere jokatua da, nahiz eta galdu egin zituen: Binakakoak 2017an eta 2020an, eta Lau eta Erdikoak, 2017an eta 2018an.

«Oso pozik nago Baikorekin kontratua hiru urtez luzatu izanagatik. Uste dut momentu onean harrapatu nauela kontratu berritze honek eta akordio berri honek konfiantza emango dit aurrera jarraitzeko», eskertu zuen.