Asier AIESTARAN
ARRAUNA

Txanda bikaina Ligari ekiteko

Bilboko aurkezpenean egindako zozketak hala erabakita, Ondarroa, Hondarribia, Zierbena eta Bermeo izango dira Coruñako lehen txandan arituko direnak.

Datorren uztailaren 3an Coruñan hasiko diren Eusko Label eta Euskotren ligak atzo aurkeztu zituzten Bilboko Azkuna Zentroan, urtero egin ohi den ekitaldian. Aurten ere, iaz bezala, ohi baino ekitaldi xumeagoa izan zen pandemiaren eraginez, baina iaz irabazitako sari desberdinak banatzeko balio izan zuen eta, batez ere, Galiziako lehen estropada horretarako txanden zozketa egiteko.

Zozketa horrek hala erabakita, lehen estropadako lehen txanda Ondarroak, Hondarribiak, Zierbenak eta Bermeok osatuko dute. Bigarren txandan Lekittarra, Ares, Orio eta Santurtzi neurtuko dira. Eta hirugarren eta azken txandan arraun egingo dutenak Tiran, Cabo, Donostiarra eta Zarautz izango dira.

Aurkezpenari ekiteko, Borja Rodrigo TKE Ligako presidenteak hartu zuen hitza, eta ohiko eskertza guztiez gain, arraun munduko ordezkari guztiei ez lasaitzeko eskatu zien. «Hastear den Eurokopak erakutsi digu covid-19a oraindik gure artean dagoela eta ezin dugula guardia jaitsi», gogorarazi zuen, iazko denboraldi arrakastatsua adibide gisa ipiniz. Gainera, Oinatz Arretxe, iazko abenduan istripu larria izan zuen Zarauzko arraunlaria, eta Txomin Orbañanos, otsailean hil zen Hondarribiko bigarren entrenatzailea, omendu nahi izan zituen.

Ondoren, sari banaketen txanda etorri zen. Emakumezkoetan Orio izan zen protagonista, iazko Euskotren Ligaren irabazle izanik Caixabank koroa jaso zuelako eta patroi onenaren saria Nadeth Agirre oriotarrarentzat izan zelako. 2019an ere bera izan zen saritua eta garaikur hura ere atzo jaso zuen.

«Sari hau ez da nirea bakarrik, talde osoarena da. Beti esaten dugun moduan, hau taldeko kirola da eta guztion lanari esker lortzen dira sariak. Saiatuko gara hirugarrena ere lortzen, baina zaila izango da, talde guztiek gora egin dutelako eta lehia gero eta parekatuagoa delako», adierazi zuen Agirrek.

Gizonezkoetan, sari banaketa arraroa suertatu zen. Batetik, Asier Zurinagak jaso zuen iaz Santurtziko patroi gisa irabazitako saria, nahiz eta jada arrauna utzita duen. «Iaz ere ia utzita neukan, baina azkenean Santurtzirekin asko gozatzeko aukera izan nuen. Orain beste aldetik jarraituko dut arrauna», esan zuen orain gutxi bizikletan zebilela lepauztaia apurtu zuen Zurinagak. Gainera, 2019ko saria ere banatu zen. Arkaitz Diaz Donostiarrako patroiak irabazi zuen, baina ezin izan zuen Bilbora joan eta bere izenean Jon Iruretagoiena taldeko beste patroiak jaso zuen.