Idoia ERASO
ZIBURU
Elkarrizketa
JOKIN ETCHEVERRIA
ZUZENDARIA ETA PRODUKTOREA

«Webseriea telefono batekin grabatu nuen; sekulako irudiak ateratzen dira»

Jokin Etcheverria euskal zuzendari eta errealizadorearen «Autoflow» websaila Biarritzeko Fipadoc festibalean hautatua izan da, teknologia berriei eskainitako Smart sailean. Euskaraz egindako lanak kontzientzia ekologiko handia duten lau pertsonaren errealitatea erakusten du.

Proiektuz proiektu dabil Jokin Etcheverria. Errealizadore gisa egin duen websaila munduan zehar hainbat festibaletan ibili da, baita Bilboko Seriesland Web Fest Festival-en, eta orain, errealizadorea bere jaioterrira, Lapurdira, itzuli da Fipadoc-en bidez. Bitartean, beste proiektu bat du esku artean, baita “Akelarre” eta “Nora” filmen produktore gisa ere.

Zer kontatzen duzu «Autoflow» websailean?

Webseriea muak.eus atarian aurkeztu da, eta badaude lau atal. Smartphone batekin grabatua izan da, eta lau ikuspegi ezberdin dituzten pertsonak ageri dira, baina badute puntu bat amankomunean; kokatzen dira beheraldiaren filosofian, nola gauzak sortu, nola gauzak egin gauza zaharrak berrerabiliz.

Ane Miren kontortsionista da zirku batean, eta bizi da baserri txiki batean, urik eta argindarrik gabe. Gero bada Fermin, berak gauzak berrerabiltzen ditu; bideoan ikusten da kamioi bat errekuperatu duela, hozkailu bat egiteko. Beste bat, Zuberoako gazte batzuk dira, hondakinekin kasketak eta txapelak egiten dituztenak eta beraien marka dute, Owantshoozi. Azkena Balu da; Euskal Herriko artista da, Bartzelonan bizi dena, eta kartelak errekuperatzen ditu kalean, eta horiekin beste obra batzuk egiten ditu.

Telefono batekin grabatzea erabaki nuen, iruditzen zaidalako gaur egun manerarik hoberena dela transmititzeko ahal direla mezuak hedatu baditugun gauzekin, eta horren adibidea da telefonoa, gehienok baditugulako, eta sekulako irudiak ateratzen ahal dira.

Kontzientzia ekologikoa garatu nahi duzu?

Hori da, transmititzea ideia batzuk ekologiari begira. Ze baldin bada sektore bat non ez den sobera mintzatzen ekologiari buruz, hori mundu digitalean (gaur egun gehiago) eta ikus-entzunezkoetan da. Esaten ahal da ekologia dela, eta gauzak nola egin manera xume eta sinplean.

Zergatik websaila?

Websailak interneten erakusten dira, eta gure kasuan badugu webgune bat, muak.eus deitzen dena, non hedatzen ditugun eduki ezberdinak euskaraz, eta hor eman dugu, artikulu eta argazki gehigarriekin. Gauzak egiteko beste modu bat da.

Beste modurik izan duzue websaila zabatzeko?

Zirkuitu bat egin du festibaletan, munduan zehar aurkeztua izan da. 2020an izan zen Bilbao Seriesland Web Fest Festival-en, Kuala Lumpur Eco Film Fest-en, Cinephone Barcelona Smartphone Short Film Festival-en eta Festigious, Los Angeles, Monthly Film Competitionen.

Eta orain Fipadoc jaialdian.

Pozik, proiektu xume bat delako baina badituena balio oso globalak. Jok productions eta Media Attackekin egin dut, eta Smart saila guretzat oso toki ona da proiektua aurkezteko.

Zein beste proiektu dituzu?

Justu orain idazten ari gara beste zenbait proiektu. Batzuk muak.eus-en eta beste batzuk beste sistema batzuetan emateko. Azken proiektua, “Eco fight” urtarrilean aurkeztu behar zen, baina dena hetsia zenez, ekainean aurkeztuko da, eta geroztik egin dugu beste serie bat muak.eus-ekin eta badakigu Apulia Web Festen aurkeztuko dugula. Serie berria konfinamendu garaian grabatu genuen, erdia nire garajean eta beste erdia estudio batean, eta hasiko gara festibaletan ematen.

Euskarari garrantzia ematen diozu zure lanetan?

Bai, noski, orain ari gara ikusten fikzioan, zineman, gauza aski egiten ari direla euskaraz ibiltzen direnak munduan zehar.

«Akelarre» eta «Nora» euskal filmetan parte hartu duzu ekoizle gisa, eta orain Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantsesean aurkeztuko dira.

Bai, badakigu emanen direla abuztu bukaeran eta irailean, eta aurrestrenaldiak izango dira Baionan Atalanten, Rencontres sur les Docks festibalean eta Donibane Lohizuneko Le Selecten ekainean. Egia da maiatzera arte dena hetsia izan dela, eta orain badirela hamar mila aktualitate kultura munduan, baina ekaina nahiko hilabete dinamikoa izaten ari dela esango nuke.

«Akelarre»-k arrakasta handia izan du. Zinemaldian Sail Ofizialean hautatua izan eta gero bost Goya irabazi zituen. Aurre-estreinaldiaren ostean zein ibilbide eginen du Estatu frantsesean?

Dulac distribution Pariseko enpresa potenteak banatuko du Frantzian, eta pozik gaude. Estreinaldia abuztuaren 25ean izango da; pixka bat goiz da jakiteko zenbat zinematan erakutsia izanen den, baina badut konfiantza banatzailearekiko.