I.B.
BILBO

Covidarekin harremana duten EHUko langileak txertatzeko eskatu du LABek

Astelehenean orrialde hauetan azaldu genuenez, EAEn covidarekin harreman zuzena duten 30 bat ikerlariek birusaren kontrako txertoa jaso gabe jarraitzen dute, nahiz eta kutsatzeko arriskua nahiko handia izan. Horietako batzuk EHUn lan egiten dute, eta LAB sindikatuak atzo eskatu zuen langile horiek «berehala» txertatzeko.

Sindikatuak adierazi zuenez, langileak beren jardueran agente biologikoekiko esposizioarekin lotutako arriskuetatik babesteari buruzko 664/1997 Errege Dekretuaren arabera, «agente biologikoekiko esposizioagatiko arriskua dagoenean eta horretarako txerto eraginkorrak daudenean, horiek langileen eskura jarri beharko dira, eta txertoaren abantaila eta desabantailen berri eman beharko zaie». Arauan xedatutakoa aplika daitekeen jardueren artean daude «laborategi klinikoetan, albaitaritzakoetan, diagnostikokoetan eta ikerketakoetan egindako lanak». «Horietakoak ere egon badaude EHUn», gogorarazi du LABek, eta nabarmendu du EHUko Prebentzio Zerbitzuak behin baino gehiagotan eskatu diola Lakuaren Osasun Zuzendaritzari txertatu gabeko langile horiek txertatzeko, baina erantzun gisa «ezezko borobila» jaso duela salatu du.

Horiek hala, EHUko Zuzendaritzari arriskua duten langileak «lehentasunez txertatzeko» eskatu dio, haien eskubidea eta EHUren «betebehar legala» delako, eta gaineratu du hori gauzatzeko Lakuaren «borondate politikoa eta langile horiek beren lanpostuetan egunero aurre egin behar dioten arriskuaren aitortza» baino ez dela behar.