GARA
Donostia

EAEn «nabarmen» hazi da bizitokirik ez daukaten gazteen kopurua

Bizitegi-bazterketa larria jasateko arriskuan dauden pertsonen egoerari buruzko V. Ikerketaren arabera, etxerik gabeko pertsonen taldean dauden gazteen kopuruak gora egin du azken hiru urteetan EAEn. Guztira, 2.797 pertsona bizi dira egoera larri horretan.

Bizitokirik ez duten pertsonen multzoan dauden gazteen kopuruak «nabarmen» egin du gora Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken hirurtekoan. 2018an 235 izatetik azkenengo urtean 400 izatera igaro dira.

Hori da «bizitegi-bazterketa larria jasateko arriskuan dauden pertsonen egoerari buruzko V. Ikerketan» jasotako datuetako bat. Ikerlan hori atzo plazaratu zuten, 2012tik bi urtean behin egiten diren Euskadiko Bizitegi-bazterketari buruzko V. Jardunaldien karietara.

SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko Raquel Sanzek azaldu zuenez, azterlana iazko maiatzaren 6tik 7rako gauean egin zuten, covid-19aren pandemiaren ondorioz etxeko konfinamendua arintzen hasi zenean. Orotara, 19 udalerritan egin zuten azterketa, EAEko hiru hiriburuak barne, eta gaueko zenbaketaren bidez gauzatu zuten.

Zenbaketa 2020ko urrian egitea aurreikusia zuten, baina pandemia zela-eta, maiatzera aurreratu zuten, eta bizitegi-bazterketa larria jasateko arriskuan zeuden pertsonen %85ek parte hartu zuten inkestan.

Datuen arabera, azterlana egin zenean 2.797 pertsona bizi ziren bizitegi-bazterketa larrian; horietatik %45, gizarteratze-zentro eta -pisuetan. Gainerakoetatik 163 kalean zeuden (%6); 351, aterpetxe eta harrera-zentroetan; 168, indarkeria matxistaren biktimentzako zentro edo pisuetan; eta 846, hots, %30, covid-19aren ondorioz salbuespenez gaitutako lekuetan.

Azken datu hori da, Sanzek azaldu duenez, 2020an bizitegi-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonen kopuruak gora egin izanaren arrazoi nagusia; izan ere, 2018an 2.320 pertsona zeuden arriskuan.

Halaber, hiru hiriburuetan kalean, aterpetxeetan edo aldi baterako ostatuetan bizi diren pertsonen kopuruak gora egin duela azpimarratu zuen. Bilbon 694 pertsona ziren, Donostian 279 eta Gasteizen 158, eta pandemiaren ondorioz aldi baterako instalazioetan ostatu hartu zutenen %43 kaletik zetozen edo abandonatutako eraikinetan egoera txarrean bizi ziren.

Sanzek nabarmendutako beste datu bat hau da: emakumeen «presentzia minoritarioa eta minorizatua» da EAEko hiru hiriburuetan; %4-6 daude kale-egoeretan eta %10-15 aterpetxeetan edo harrera-zentroetan.

Aurretiko txostenekin alderatuta, bizitegi-bazterketa egoeran dauden emakumeen proportzioa %13tik %9ra jaitsi da 2016 eta 2020 urteak alderatuz. Horietatik erdiak atzerritarrak ziren, eta gizonen artean %74 dira jatorria atzerrian dutenak.