Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren popismoak

Popi, punki, funky, heavy. Jarreretan dago gakoaren arrazoinamendua. Arrazoia izatea beste gauza bat da, batbederak daukalako bere arrazoia. Jarrerak erakusten du pertsonaren argazkia. Gustua, maiz, ez dator bat jarrerarekin. Gustuko ditugun abesti eta talde horien jarrerak, batzuetan, ez datoz norberaren pentsamendu politikoarekin ongi txertaturik. Prince artistaren doinu asko maite ditut; nahiago, ordea, printzeak deuseztatuko bagenitu. Herriko musika eta popular music. Pop eta popi. Popista eta popismoa.

Mark Fisher pentsalari eta musika kritikariak popismoa «poparen alderik nazkagarriena» bezala definitu du, herriarekiko trufa eta gutxiespena dagoela popismoan. Inor ez da ideala. Zer da ideala, idealik bada? Hego Amerikan «ez zaitez jarri popi» esaten zaio jarrera errebeldea duenari; beraz, begira zein urruti dagoen popismoa Venezuelan erabiltzen duten popi jarreratik. Ez dut uste Mark Fisher kultur idazleak popi izaeraren berri duenik popismoa zer den azaldu duenean. Dena al da “desideala” popismoan?

Hausnarketarako galdera: dena al da popismoa pop musikan? Zenbat du “popi”-tik popak? Itoiz taldea da Euskal Herriko poperoenetarikoa. Ez dira izango idealenak, baina bai askorentzat. Nor ausartuko da horien lau teilatura harriak jaurtitzera. Itoizen popak itogin gutxi ditu. Letra popi gutxi, baina popismotik urrun. Nork egingo du kontra? Iragazki instituzionalari iragazkia jarri beharko genioke. Jarraituko al dugu pizten jarreren sua, sentsazioen txondorra pentsamenduaren arrazoian?