GARA

Askatasunaren aldeko ekimena 2022an Katalunian eta Euskal Herrian

Askatasunaren eta autodeterminazio eskubidearen aldeko ekimena iragarri dute Euskal Herriko eta Kataluniako Gure Esku, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta FEEC (Federació d'Entitats Excursionistes de Catalunya) eragileek 2022ko udarako, Pirinioetan.

Uztailaren 10ean azalduko dute egitasmoa, mobilizazio handi honen helburu politikoak, gakoak eta ezaugarri nagusiak jakinaraziz, baina ekintza «ikusgarria, parte-hartzailea eta sinbolismo handikoa» izango dela iragarri dute.

Aurkezpena bera datorren urteko mobilizazioaren lagin txiki bat izango da. Bikoitza eta aldiberekoa: Euskal Herrian, iluntzean, Aiako Harria argiztatuko dute, piztutako argiak hamaika lekutatik ikusi ahal izateko moduan. 2022ko mobilizazioa aurkezteko ekitaldi politiko bat egingo dute, Orereta ikastolaren inguruan, Aiako Harrira begira dagoen behatoki batean. Katalunian, berriz, Pedraforca mendi enblematikoa argiztatuko dute egun berean, eta ekitaldi politiko bat egingo dute han ere, Molers els Plans gunean, Pedraforcara begira dagoen begiratoki batean.

Ekitaldi politiko irekiak

Behatokietako ekitaldi politikoak jendearentzat irekiak izango dira. Mendietako ekintzei dagokienez, Pedraforca argiztatzeko ekintzan parte hartzea mugatua izango da, eta Aiako Harriaren kasuan, aurrez izena eman beharko da webgune honetan: www.gureesku.eus/denda.

Aurkezpenen ordutegi zehatzak eta xehetasun teknikoak aurrerago jakinaraziko dituzte, eta, baldintza meteorologikoak gorabehera, balitekeela deialdietan aldaketak egin behar izatea adierazi dute.