A.A.
ARRAUNA

Erlojupeko batekin hasiko dira gaur Pasaiako uretan ETE eta KAE ligak

Gizonezkoen KAE1 eta KAE2 ligak eta emakumezkoen ETE Liga, traineruen “bigarren mailak” nolabait esatearren, gaur hasiko dira Pasaiako uretan jokatuko diren erlojupekoekin. Arraun jardunaldia 17.00etan hasiko da ETE Ligako Tolosaldeko II. Ikurrinarekin. Ondoren, KAE2 Ligako traineruen txanda izango da, 17.30ean hasiko den Pasaiako XXXVI. Ikurrinarekin. Eta azkenik KAE1 Ligako ontziek egingo dute arraun, 18.15etik aurrera, izen bereko trapuaren bila.

Sortu zenetik laugarren denboraldia beteko duen ETE Ligari dagokionez, aurten 11 arraun elkartek eman dute izena. Iazko bederatziei –Tolosaldea, Hibaika, Zumaia, Ondarroa, Deustu, San Juan, Isuntza, Lutxana eta Lapurdi– beste bi gehitu zaizkie aurten: Zarautz eta Castro.

Iaz Tolosaldeak nagusitasun nabarmena erakutsi zuen sailkapeneko lehen postua eskuratzeko, baina bigarren postua lortzeko borroka oso estua izan zen Hibaika, Zumaia eta Ondarroaren artean. Deustu eta San Juan ere ez ziren oso urrun ibili. Aurtengo pronostikoak egiten hasita, badirudi izen bertsuak ibiliko direla goian. Tolosaldeak, adibidez, oso maila ona eman du azken estropadetan, Gipuzkoako Txapelketan Euskotren Ligako Hondarribiari aurrea hartuz eta Lekeition haiengandik oso gertu geratuz.

Gizonezkoen KAE1 Ligari dagokionez, aurten hiru berrikuntza ditu lehiaketak: iaz Eusko Label Ligatik jaitsi zen Kaiku eta KAE2 Ligan igoera lortu zuten Castro eta Lapurdi. Aldiz, bertan jarraitzen dute play-offean igoerarik gabe geratu ziren Pedreña eta San Pedrok. Liga osatzen dutenak Getaria, Deustu, Arkote, San Juan, Camargo, Zumaia, Orio B eta Astillero dira.

Maila honetan, Pedreña eta San Pedro izango dira berriz ere goian ibiltzeko faborito nagusiak, baina Getaria eta Arkote ere oso indartsu dabiltza.