Miren Urreiztieta eta Philippe Duluc
Iparraldeko EAko kideak
KOLABORAZIOA

Hauteskunde departamentalak ulertzeko gakoak

Euskal Hirigune Elkargoa lanean egonda (emaitza eta adostasun politiko handiarekin, gainera), Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako jendarteak Pirinio Atlantikoetako Departamendua behar ote duen galdetzen dugu, ekainaren 20an eta 27an frantziar Estatuan egingo diren Departamendu eta Eskualdeetako Hauteskundeen aurrean. Gure aukera Departamenduak egun dituen hainbat eskumen Elkargoaren esku geratzea da, gertuko kudeaketa hiritarren mesedetan delakoan. Bitartean, etxebizitzaren egoera eta ekologia izango dira gai izarrak.

Hauteskunde departamentaletarako larrialdi sozial, klimatiko eta ekologikoaren erronkei erantzuteko programa landua aurkeztu du EH Baik, zerrenda boteretsuarekin batera. Hautetsontzietatik aterako den Gobernu departamentalak garatuko dituen zerbitzu sozialekin bereziki kezkatuta gara.

Departamenduek eskumen zabalak dituzte frantziar Estatuan, eta hiritarren egunerokotasunean garrantzi handia daukaten arloak kudeatzen dituzte, baita ekonomian pisu handia duten sektoreak ere, hala nola nekazaritza, industria, hezkuntza, osasungintza, errepideak, turismoa eta gizarte gaiak. Ipar Euskal Herriko abertzaleen helburua egun Departamenduarenak diren eskuduntzak Elkargoaren esku geratzea da, eta aldarrikapen horrek babes handia du gizarte eta politikaren sektore zabaletan. Horrela, Elkargoak autonomiaz garatu ahalko du bere kudeaketa.

Euskal Herria sartu duten departamendua Pirinio Atlantikoetakoa –64– izanik, Euskal Herriak 12 kantonamendu osatzen ditu, eta Biarnok, hamabost. Gure 12 kantonamenduetan zerrendak aurkeztu dituen indar bakarra dugu EH Bai, eta indar guztia jarriko dugu gure ordezkariak behinola Nafarroako Parlamentuko egoitza izan zen Paueko erakundean izateko.

Egun Ipar Euskal Herrian Elkargoak lortu duen adostasun politiko zabalari esker, ekainaren bigarren zatian egingo diren hauteskundeen emaitzek ez dute lan giro ona askorik aldatuko. Izan ere, adostasun politikoa egoteaz gain, gizarteak atxikimendua erakutsi dio Jean Rene Etchegaray lehendakariak zuzentzen duen Elkargoari eta eginiko lanaren balorazioa erabat positiboa da. Harreman onak mantendu behar dira, noski, eguneroko lanean zenbait esparruren kudeaketa udalerri, Elkargo eta Departamenduaren artean egiten baita, eta hauteskundeak nork irabazten dituen garrantzitsua da erlazio hori ontzeko.

Eskualdeko hauteskundeei begira, Macron Frantziako presidentearen beldurra abstentzioa handitzea da, horrek bere alderdi La Republique En Marche!-ri ezkorki eragin baitiezaioke. Ez da, bada, kasualitatea eskualdeetako hauteskundeei kutsu nazionala emana, eta bere ministroak hainbat eskualdetako zerrendaburu jarri izana. Akitania Berriko eskualderako, Genevieve Darrieussecq Memoria ministroak betetzen du paper hori.

Berdintasuna. Datozen hauteskundeetako datu teknikoak aipatuta, hauteskunde zerrendek berdintasuna bete behar dutela aipagarria da; kantonamendu bakoitzak bi hautetsi aukeratuko ditu; gizon-emakume derrigor. Hor doaz, bada, gure 12 emakume eta 12 gizon programa sozial, anitz eta berdea defendatzera!

Bestetik, eta frantziar Estatuan ohikoa denez, bi buelta izango dituzte hauteskundeek. Bigarren txandara igarotzeko, erroldaren %12,5 gainditu behar da. Zerrenda bakarrak lortuz gero hori, bigarren bozkatuena ere pasatzen da gutxieneko demokratikoak bermatzeko.