GARA
IRUÑEA

Hornidura faltagatiko krisia luzatu egin da VWen eta Mercedesen

Volkswagenen Nafarroako eta Mercedes-Benz Arabako lantegiek nabarmen murriztuko dituzte ekoizpen-egunak ekainean. Geldialdiak txip erdieroaleen hornikuntza faltak eragin ditu, eta Automobil Hornitzaileen Europako Elkarteak dio 2022ra arte luza litekeela krisia.

Nafarroako Volkswageneko zuzendaritzak asteazkenean jakinarazi zion langile-batzordeari lantegia ekainaren 21ean eta 22an itxi beharko dela, txip erdieroaleen hornidura faltagatik. Etenaldiok aurreko astean (ekainaren 10ean eta 11n) egindako bi egunei, aste honetarako programatutako biei (17an eta 18an) eta ekainaren 25erako aurreikusitako bi egunei gehituko zaizkie.

«Ezegonkortasunak bere horretan jarraitzen du. Enpresak ez digu zehaztu itxiera egun gehiago izango den. Datorren astean esango digute», esan zuen Alfredo Morales (UGT) batzordeko presidenteak. Egoerak kezka handia sortu du Polo modelo berriaren kaleratzeari lotuta.

Gasteizko Mercedes-Benz enpresako langileen artean antzeko zerbait aurreikusten zen joan den astean; izan ere, materialik ez dagoenez, amaitu gabeko furgonetak fabrikaren kanpoaldean pilatzen ari dira, bezeroei emateko aukerarik gabe. Ostegun honetan baieztatu zuten Jundizko lantegiak ekoizpena geldituko duela datorren astean, erdieroale faltagatik.

Neurriak astelehenetik ostiralera bitarteko hiru ekoizpen-txandei eragingo die (ekainaren 21etik 25era), baita zuzeneko eta zeharkako langileei ere. 5.000 pertsona inguruk lan egiten duten lantegiko zuzendaritzak batzordeari jakinarazi zion geldialdia «merkatuan erdieroalerik ez egotearen ondorioz hornidura kateak bizi duen egoera kritikoaren ondorio» dela.

Hasiera batean, geldialdia astebetekoa baino ez da izango, baina hornikuntza-merkatuaren «ziurgabetasun handia» ikusita, Mercedesek ostegunera arte itxarongo du, astelehenean, hilak 28, ekoizpena planifikatutakoaren arabera berrabiaraziko duen ala ez baieztatzeko.

Hain zuzen, Mercedeseko hitzarmenaren negoziazioa datorren ostegunean hasiko da, ekoizpen geldialdia astebeterako bakarrik den edo beste astebete luzatu behar den jakinarazten zaienean. Ostegun horretan langileak ez dira enpresan egongo, produkzio geldialdia dela eta, baina UGT, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek enpresa negoziatzeko asmoarekin joatea espero dute. Sindikatuek hitzarmenaren baldintzak inposatzea leporatu zioten atzo zuzendaritzari.

Krisia, 2022. urtera arte

Automobil Hornitzaileen Europako Elkartearen (Clepa) ustez, ibilgailuak fabrikatzeko beharrezkoak diren txip erdieroaleen eskasiak eragindako krisiak 2022ra arte iraun lezake.

Mundu osoan mota horretako osagaiak hornitzeko katean izandako etenek 500.000 ibilgailuren ekoizpena atzeratu duela nabarmendu du. Europako mikroelektronika-industria indartu beharra dagoela esan du; izan ere, txip horien %60 eta 70 artean Taiwanetik eta Txinatik inportatzen dira.