GARA
IRUÑEA

Isunak, M8an Nafarroako Parlamentuan egindako protesten aurka

Martxoaren 8an Nafarroako Parlamentuan egindako ekintza feminista bat isunez zigortu dutela salatu du Iruñerriko Mugimendu Feministak. Legebiltzarrean kateatu ziren emakumeei “Mozal Legea” aplikatu dietela jakinarazi du. Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratzera deitu dute.

Ekintza horretan lau kide kateatu ziren. «Lau kide horiei isun proposamena ezarri zieten, beste behin ere ‘Mozal Legean’ babestuz, eskubide sozial eta politikoak murrizten dituen eta protesta kriminalizatzen duen legean, hain zuzen. Horregatik, hori indargabetzea eskatzen dugu», nabarmendu zuten atzo.

«Ekintzaren helburua Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari premiazko proposamen eta neurri batzuk helaraztea zen, bizitza erdigunean jartzeko benetako konpromiso politikoa ekarriko luketenak. Ekintza baketsu hori egin zen Maria Chivitek eta bere Gobernuak behin baino gehiagotan mugimendu feministaren bilera eskaerei uko egin dietelako».

«Ekintza garatu eta komunikatua irakurri ondoren, guztiz neurrigabea izan zen jarduketa poliziala. Bertan zeuden feministak jipoitu eta bi kidek laguntza medikoa behar izan zuten. Ekintza horretan, emakume bat atxilotu zuten, agintaritzaren aurkako atentatua egotzita», salatu zuten.

Gauzak horrela, elkarretaratzera deitu dute: hilaren 30ean, 9.30ean, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean.