A. G.
SASKIBALOIA

Etxe berria oinarri sendoak jarrita eraikitzen hastea du helburu GBCk

Hasi da eraikitzen Gipuzkoa Basket berria. ACB Ligatik jaitsi ondoren, berriz ere Urrezko LEB Ligan jokatu beharko du, eta, etxebizitza sendoenekin gertatu ohi den moduan, donostiarren helburua oinarri sendoak jartzea izango da, ondoren hazten joateko helburuarekin.

Horiek horrela, kazetarien aurrean aurkeztu zituen atzo klubak Ibon Muñoz kirol zuzendari orokor berria eta Aitor Uriondo kirol zuzendari berria. Uriondok bigarren etapa hasiko du Gipuzkoa Basketen, 2001-02 denboraldian taldeko entrenatzailea izan baitzen. Ibon Muñozek atzo aurreratu zuenez, berriz, 2021-22 denboraldirako klubaren aurrekontua 800.000 euroren eta milioi bat euroren artekoa izango da.

Aitor Uriondoren lehen egitekoa Marcelo Nicola ordezkatuko duen entrenatzaile berria topatzea izango da. Aukeratuak ezaugarri asko bete beharko ditu itxura batean. «Posible balitz, gipuzkoarra izan dadila gustatuko litzaiguke, betiere beste baldintza batzuk ere betetzen badira. Hasteko, denboraldi honi begira bila ari garen profila bete beharko du. Horrez gain, taldearen egoerara moldatzeko gai izan behar du eta, azkenik, ez dugu urtebeterako soilik izango den entrenatzaile bat nahi», aurreratu zuen Uriondok.