GARA
GASTEIZ

Kamioia gidatzen ari zela hil da garraiolari bat Villatuertan

Garraiolari bat hil zen atzo Villatuertan, bere kamioia gidatzen ari zela. Kamioiak sei ibilgailu eraman zituen aurretik eta heriotza gidariaren ondoez batek eragin izana ez du baztertu Foruzaingoak.

Kamioilari bat hil zen atzo Villatuertako industrialdean. Bertan aparkatuta ziren sei ibilgailuren kontra egin zuen gidatzen zuen kamioiak. Gertatutakoa argitzeko ikerketa zabaldu du Foruzaingoak eta ez du baztertzen garraiolariak kamioiaren kontrola galdu izana hil aurretik ondoezik sentitu eta gero. SOS Nafarroak azaldu zuenez, 15.17an jaso zuten abisua eta Lizarrako suhiltzaileak, anbulantzia eta foruzainak bertaratu ziren.

Atzoko lan heriotza gertatu aurretik, beste lan istripu bat izan zuten presente Gasteizen sindikatuek. Izan ere, ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek hogei minutuko elkarretaratze isila egin zuten Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean, ekainaren 8an lanean zela altuera handi batetik erorita hil zen Eduardo Muñoz langilearen omenez.

ELA sindikatuko ordezkari batek adierazi zuenez, heriotza hildakoaren lantokian gertatu zen, Lakuako egoitzan lanean ari zela, eta jazotakoa argitzeko eskatu zuen, oraindik ez dakitelako «zehazki zer gertatu zen». «Pertsona bat eskailera batetik behera erori zen zazpigarren solairutik eta oraindik ez dute behar bezalako azalpenik eman», kritikatu zuen. Era berean, hildakoa Lakuako Gobernuko langilea zenez, Exekutiboak «erantzukizun zuzena» duela gaineratu zuen.

ELA eta LAB sindikatuek salatu zutenez, Lakuak «ez du behar besteko seriotasunez hartzen laneko arriskuen prebentzioa». Hala, Lakuak EAEn dituen egoitzetan lan egiten duten 7.800 langileentzat lau prebentzio-teknikari baino ez egotea gogor kritikatu zuten. «Eusko Jaurlaritzak ez du behar besteko seriotasunez hartzen laneko arriskuen prebentzioa. EAEn dauden eraikin guztietarako lau teknikari bakarrik izatea ez da nahikoa», adierazi zuten.

«Lan arriskuak ekiditeko eta batez ere gaitz psikosozialak prebenitzeko plangintza eta kultura falta agerikoak dira aspalditik», nabarmendu zuten.