GARA
GASTEIZ

Beste lau preso mugituko ditu Madrilek, horietako bi Euskal Herriko kartzeletara

Lau preso politiko lekualdatuko dituela iragarri zuen atzo Espetxe Zuzendaritza espainolak: horietako bi, Arkaitz Agote eta Agustin Almaraz, Euskal Herriratu egingo dituzte.

Agote El Dueson (Kantabria) dago gaur egun eta Martutenera ekarriko dutela jakinarazi zuen Espetxe Zuzendaritzak. 2007an kartzelatu zuten eta 2025ean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Almaraz, berriz, Zueratik (Zaragoza) Basaurira lekualdatuko dute. 1995etik preso, badira ia zazpi urte hiru laurdenak bete zituela.

Atzo iragarritako beste bi mugimenduak Aitor Cotanorena eta Ibai Aginagarena dira. Lehena Puerto IIIn dago egun eta Dueñasera (Palentzia) eramango dute; bigarrena ere Andaluzian daukate, Sevilla IIn, eta El Duesora gerturatuko dute. Honek ere hiru laurdenak ondo beteak ditu: 2017ko martxoan.

Sare-ren bizikleta itzulia

Bestalde, azken urteotan ohitura duenez, Sarek, presoen etxeratzea eskatzeko, Euskal Herriko txoko ugari zeharkatuko dituen bizikleta itzulia aurkeztu zuen atzo, Gasteizen. Uztailaren 22, 23 eta 24an izango da aurtengo edizioa eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa zeharkatuko ditu. Iaz egin zuten moduan, segurtasun eta osasun neurriak bermatzeko, goizetik eguerdira bitartean izango diren hiru etapa banandu proposatu dituzte.

Lehenengo etapa Garesen hasiko da eta Oionen amaituko. Bigarrena Bizkaian hasiko da eta Sopelatik Mundakarako ibilbidea egingo du. Hirugarrena, eta azkena, Zumaian hasi eta Donostian bukatuko da, hiria mutur batetik bestera zeharkatuz.

Izena emateko aukera zabalik dago, uztailaren 16ra arte, Sareren web orrialdean. Bertan etapa baterako, bira edo hiruretarako izena emateko aukera dago. Lehen etapan txirrindulariek 82 kilometro egingo dituzte; bigarrenean, 43; eta hirugarrenean, 69. Etapa hasiera eta amaierarako autobusa jarriko dute.

“Ibilian-ibilian, etxerako bidean” udako kanpainaren baitan kokatu zuten itzulia prentsaurrekoan. Kanpaina honekin, euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen alde egiten duen sareak, aurten izan diren aldaketa esanguratsuak oinarri hartuta, bere estrategia «etxerako bidea» gauzatzean kokatuko duela azaldu zuten.

«Positiboki baloratzen ditugu egindako urratsak, baina urruntze politika euskal preso guztiak Euskal Herrian izatean soilik amaituko da, bi arrazoi nagusigatik: espetxe legediak hala adierazten duelako, eta Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumenak eskuratu ostean iragarritako espetxe politika berria euskal preso guztiei ezarri behar zaielako, inolako salbuespenik egin gabe», adierazi zuten Inaxio Oiarzabal eta Joseba Azkarraga Sareren eledunek.

Prentsaurrekoan azaldu zutenez, «estrategia honen helburua urruntze politikarekin guztiz amaitu, gradu progresioa era normalizatuan gauzatzea ahalbidetu eta, legedi arrunta aplikatuz, euskal presoek dagokien etxerako bidea har dezaten urratsak egitea da, hain zuzen ere». «Etapa berri bat, elkarbizitza erdigunean ezarriko duen etapa berri bat hasteko unea iritsi delako», azpimarratu zuten.