Mikel Basabe Kortabarria
Plazara Gatoz! ekimena
KOLABORAZIOA

Lanbide heziketan, euskara paroan

EAEko Hezkuntza Sailak ez dauka lanbide heziketan euskara sustatzeko asmorik, ez egitasmorik: dagoen-dagoenean laga gura du, euskara eremu sozioekonomikoan euskara ez dakiten langileekin sustatuko duelakoan edo.

Lanbide Heziketako ikasle euskaldunen penitentzia Patxi Lopezekin hasi zen, 2010 ikasturteko matrikulazioan. Ordura arte, Lanbide Heziketako D ereduak, apurka-apurka bada ere, gora egiten zuen urtero-urtero. Alegia, lanbide heziketan gainerako ikasketetan bezala gertatzen zen: D eredua gora. Hona datuak: 2001-02 ikasturtean, EAEko lanbide heziketako ikasleen %13,28k ikasten zuten D ereduan. 2009-10ean, %22,78k. Hamarkada horretan, beraz, bederatzi puntu eta erdi irabazi zituen D ereduak. Hamabi urte geroago, D eredua %24,02koa da. Hamabi urtean, 2020-21eko ikasturtera doan tarte horretan, D ereduak puntu bat eta laurden egin du gora (eta hori oinarrizko lanbide-heziketako ikasleak kontatu barik, horretan euskara %1,17 baino ez baita).

Datuok garbiago izan ditzagun: lanbide heziketako D ereduak puntu bat irabazteko behar izan duen denbora berean, DBHn %15,15 egin du gora, eta batxilergoan %13,64. Zergatik? Lanbide heziketan ez bezala, institutuetan eskariari erantzun zaiolako.

Institutuetan inork ez du zalantzan jarri D ereduan ikasi gura duen ikasleak horretarako eskubidea duela. Eskubidea eta aukera. Lanbide heziketan Hezkuntza Sailak mugatu egin du eskubidea, ikasle asko aukerarik gabe uzteraino. Nola? Esaldi labur batekin: «Hizkuntza-eredu bat baino planifikatzen ez bada, eredu hori ezarriko da». Horren sinplea. Non idatzi du Hezkuntza Sailak esaldi hori? Bada, urtero-urtero «ikastaldeak eratzeko irizpideak» ezarriz argitaratzen duen ebazpenean. Ebazpen batekin baliogabetzen du legean ezarritako hizkuntza-eskubidea!

Hezkuntza Sailak «planifikazioa» jartzen du ikasleen hizkuntza eskubideen gainetik. Bere «planifikazioan» ez badago aurreikusita ziklo bat D ereduan ematea, ez da emango, nahikoa ikasle izan arren. Horrela ulertzen da azken hamarkadan D ereduko zikloen eskaintza eta ikasleen ehunekoa ia aldaketarik gabe mantendu izana.

Kasu! Taldeak osatzeko ustezko planifikazio hori lanbide heziketari baino ez zaio aplikatzen, gainerako etapetan ez baita mugatzen D ereduan ikasteko eskubidea: taldea osatzeko nahikoa ikasle badago, taldea osatuko da. Lanbide heziketan, taldea osatzeko nahikoa ikasle izan arren ez da talderik sortuko, lehenagotik planifikaturik ez badago.

Sozialisten agintalditik aurrera, horrela gerarazi du Hezkuntza Sailak lanbide heziketako D ereduaren hazkundea; horrela mugatu du Hezkuntza Sailak euskaraz ikasteko eskubidea. Ebazpen baten bitartez.

Hezkuntza Sailak aste honetan argitaratuko du 2021-22 ikasturterako «ikastaldeak eratzeko irizpideak» ezarriko dituen ebazpena. Galdera sinplea da: mantendu egingo du lanbide heziketan euskaraz ikasteko muga?

Eskaera ere sinplea da: batxilergoan bezala, lanbide heziketan ere hauxe izatea irizpidea: «Modalitate berri bateko edo ikastetxean lehendik dagoen modalitate bateko ikasleekin talde bat osatu ahal izateko, gutxienez hizkuntza-eredu bereko hamazazpi ikasle beharko dira, ezohiko kasuetan izan ezik; horrelakoetan, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak berariaz eman beharko du baimena horretarako». Planifikaturik egon zein ez.

Beste urrats bat litzateke lanbide heziketan A eredua deitzen duten horretan Euskara ikasgaia sartzea, gaur egun ez baitago batere euskararik hor. Edo B ereduan benetan euskaraz ematea ikastorduen erdiak.

Horretarako, baina, asmoa behar da, eta egitasmoa. Nik ez diot Hezkuntza Sailari ez bata eta ez bestea ikusten.