Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

A-tik Z-etara

Arbizutik Zarrakazteluraino. Korrikak gure herriak zeharkatzeko aukerarik ez duen honetan, euskarak balio handiko omenaldi ederra jaso du egunotan.

Zetak musika taldeak eskuzabaltasunez beteriko mezua bidali du sari bat jasotzean. Pello Reparaz abeslariak, bere taldea, senitartekoak, gertukoak eta pandemiak gogorki kolpatutako kultura arloko lagunak izan ditu gogoan. Jarraian, ezkutatu ezin izan duen zintzotasunez, Nafarroan D eredua hautatzen duten familiei eskaini die saria, euren seme-alabei eginen dieten oparia aurreratuz, berari ateak ireki dizkion oparia, euskara, alegia.

Herriarekiko edo historiarekiko loturaren gainetik, euskarak berari eman dizkion aukerak goraipatu ditu Arbizuko artistak. Eta sentimendu osoz, alemanak eta ingelesak euskarak baino puntu gehiago eman dezaten arautu duten mandatariek ulertzeko moduko mezua bidali du.

Maria Chiviteren eta Yolanda Barcinaren aurpegiek bat egiten duten irudia baliatuz, euskarafobia salatzeko deialdia egin du LAB sindikatuak. Ezinegona sortzen duen irudiak zer pentsatua eman beharko luke; are gehiago, Nafarroako administrazio publikoan pisu handia duen sindikatuaren eskutik datorrelako. Langile asko ordezkatzen dituen irudia gauzatu ez dadin, zer pentsatua dute Chivite lehendakariak, bai eta bere gobernua sostengatzen duten beste alderdiek ere.