Haritz LARRAÑAGA
HENDAIA

EH Baik aldaketaren aldeko boza berrestera deitu ditu Hendaia Hegoko hiritarrak

Ekainaren 27ko departamenduko hauteskundeetako bigarren itzuliari begira, «erronka biziki garrantzitsua» izango dela ohartarazi dute Hendaia-Hegoaldea kantonamenduko EH Baiko hautagaiek. Hala, hautesleei deia luzatu diete «aldaketa borondatea berretsi dezaten».

Urruña, Hendaia eta Biriatuko kantonamendua ordezkatuz EH Bai alderdiaren izenean aurkeztu diren Annie Poveda eta Iker Elizalde zerrendaburuek prentsaurrekoa eskaini zuten atzo, Claire Legardinier eta Jerôme Teillary ordezkoekin batera. Pirinio Atlantikoetako Departamenduko hauteskundeen lehen itzulian Hendaia Hegoko Itsasbazterrean aldaketaren alde bozkatu zutenei haien hautua berresteko deia egin eta bozkatu ez zutenei aldaketaren alde bozkatzeko gonbida luzatu zieten.

Ekainaren 20an 1.730 boz eskuratu zituen EH Bairen hautagaitzak Urruña, Hendaia eta Biriatun, kantonamenduko lehen indarra izan zelarik modu horretan. Horregatik, alderdi abertzaleari boza eman zioten herritar guzti-guztiei «eskerrak eta zorionak» helarazi zizkieten EH Baiko hautagaiek, eta «emaitza horiek eguneroko lanaren ondorioa» direla nabarmendu zuten.

Iker Elizalde zerrendaburuaren hitzetan, «bozkatzera joan direnen artean argi geratu da gauzak aldatzeko borondatea dagoela. Emaitza hori urteetako lanaren fruitua da, eta bereziki egunerokoan udaletxean zein herriko elkarteetan lanean hari diren herritarren emaitza da».

Aitzitik, abstentzioa ere hizpide izan zuten EH Baiko ordezkariek: «Abstentzioa handia izan zen, hiru hautesletik bik ez zuen bozkatu, eta hori kontuan hartzeko datua da, beraz, Hendaia, Urruña eta Biriatuko bozen %29,31 eskuratu arren, abstentzioak apaltasunez mintzatzera behartzen gaitu».

Kanpainarako EH Baik hautatu zuen lelo nagusiari helduz, honako mezua igorri zuen Annie Povedak: «Gure lemak dio herrian duin bizi nahi dugula eta uste dugu lema horrek inoiz baino indar gehiago duela gaur. Horregatik herrian duin bizi nahi duten guztiei bozkatzeko deia luzatzen diegu».

Erronka garrantzitsua

Ekainaren 27an egingo den departamenduko hauteskundeen bigarren itzulia «erronka biziki garrantzitsua» dela nabarmendu zuten EH Baiko ordezkariek, eta, jakinarazi zutenez, hautatuak izaten badira, Pirinio Atlantikoetako Departamenduan egin beharreko lanari denbora osoz helduko diote. «Ehuneko ehun engaiatuko gara, ez baitugu beste kargurik. Guretzat garrantzitsua da hori azpimarratzea», azaldu zuten.

Hendaia Hegoko Itsasbazterra kantonamenduan EH Bairen izenean aurkeztu ziren zerrendaburuek haien programaren bost puntu nagusiak ekarri zituzten gogora. «Sozial arloa, mugikortasuna, etxebizitza, garapen ekonomikoa eta ingurumenaren zainketa», nabarmendu zuen Elizaldek.

Gauzak horrela, hauteskundeetako argitaratu zuten programako gai nagusiak berrikusi zituzten, izan ere, Povedaren iritziz, «emaitza onak lortzearen arrazoia da herritarren arazo errealak identifikatzen jakin dugula, sarri gertatzen baita politikan herritarrengandik urrun diren gaiez aritzea».