GARA
IRUÑEA

«Etxerako bidean» jartzeko beharra aldarrikatuko du Sarek uztailaren 3an

Euskal presoen urrunketa arindu –baina ez konpondu– den garai honetan, presoak «etxerako bidean» izan behar direla nabarmendu zuen atzo Sarek. Horixe izango du lelo, «Ibilian ibilian, etxerako bidean», uztailaren 3an Iruñean egingo duen mobilizazioak.

1987an abiatutako presoen sakabanaketa politikari amaiera emateko aurrerapausoak eman direla adierazi ondoren –nahiz eta egoera oraindik ez den gainditu–, orain presoak etxerako bidean jarri beharra dagoela azpimarratu zuen Sarek. «Ibilian ibilian, etxerako bidean» izango du lema uztailaren 3an Iruñean egingo den mobilizazioak. 18.00etan hasita, Ziudadelako harresia inguratuko dute.

«1987an eta 1988an hasi zen euskal presoak beren jatorritik urruntzeko eta sakabanatzeko politika», gogorarazi zuen Sarek eta «hiru hamarkada baino gehiago pasatu behar izan dira gaur beste egoera batez hitz egiten hasi ahal izateko. Espero dugu egoera hori amaitutzat jo ahal izatea datozen asteetan. Baina urruntze egoerari buruzko aipamen berezi bat egin nahi dugu, egoera hori orokorrean hartuta. Gaur egun, preso asko daude oraindik penintsularen iparraldean sakabanatuta, Euskal Herriko espetxeetan noiz kokatuko zain. Orduan izango da, euskal presoak eta guztiak hemen daudenean, orduan hitz egin ahal izango dugu gure herrian bizikidetza normalizatzeaz», adierazi zuen Sarek, atzo, Iruñeko agerraldian.