Ainara Etxeberria, Amaia Elkano, Iban Arraiza eta Txus Cia
Artika Berriko hirurogei gurasoren izenean
KOLABORAZIOA

Hezkuntza publikoan eskolaratzerakoan, berdintasuna guztiontzat

Artika Berri zonaldeko bizilagunak gara. 2003. urtean etorri ginen bizitzera eraikitzen hasi berria zen hirigune honetara, ilusioz beterik. Gaur egun ia 5.000 biztanle izan arren (Etxebakar izeneko urbanizazio berria eraikitzean bikoiztuko den kopurua), bere eremuan eskolarik ez du, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailaren erabakiarengatik. Berriobeitiko Udalak (Artikari dagokionak) eskola bat eraikitzeko lursail dotazional bat eskaini zion Hezkuntza Sailari, baina honek inguruko herrietako eskolek gure beharrak asetzen zituztela pentsatu eta erabaki zuen.

Ordutik aurrera, gure haurren eskolaratzean desabantaila izan da nagusi; izan ere, eskola horiek kokatzen diren herrietako umeek gureek baino puntu gehiago izan dituzte beti. Gainera, Hezkuntza Sailak gure umeak erabili ditu komeni izan zaion bezala, eta egoeraren arabera. Hori dela eta, eskola publikoaren hautaketak Artika Berrin ziurgabetasuna suposatu du beti. 2019an, eskola mapa berriarekin, behingoz jakin genuen zeintzuk diren gure erreferentzia zentroak: Mendialdea I eta II, Berriozarren. Ordura arte Berriobeiti zendeako gainerako herriek eta Artika «herriak» erreferentziazko zentroa izan zuten eta bertako umeak ikasle garraiatutzat jotzen zituzten; hau da, garraio eta diruz lagundutako jantokirako eskubidea zuten. Diskriminazio hori orekatzeko eta kexak apaltzeko asmoz, Hezkuntza Sailak Artika Berritik Antsoaingo Ezkaba eta Iruñeko Doña Mayor ikastetxeetarako autobusa eskaini zuen. Aurten autobus zerbitzua hurrengo ikasturtetik aurrera desagertuko dela jakinarazi digute. Horretaz gain, Artika Berriko haurrak Berriozarko eskoletan matrikulatuz gero, eskolaratzea ziurtatuta izango dute, baina ez horrela garraioa eta diruz lagundutako jantokia. Halere, zendeako gainerako herriek garraioa eta dirulaguntza izaten jarraituko dute. Zer dela-eta desberdintasun hori? Ulertezina da.

Herrian eskolarik ez izateak kalte handia suposatu du, baita ikasleria eskola ezberdinetan sakabanatzea ere. Era berean, autobus askoren joan-etorria eta ikasleen arteko ezberdintasunak (garraio eta jantokia dutenak, garraioa dutenak eta ezer ere ez dutenak). Horrek guztiak familia asko herriz aldatzera bultzatu ditu, beren umeen eskolatik gertuago egoteko, eta eskola kontzertatuak sustatu ditu, horietan eskolaratzea bermatuago baitago (2016. urtera arte ikasle ohi izateagatik puntuatzen zen eta garraioa ziurtatzen da).

Ondorioz, eskola publikoa ez da berdina guztiontzat, eta bizilekuaren araberakoa da!

Gure herrian ez zenez eskolarik eraiki, denoi gustatuko litzaigukeen bezala, eta egoera honetan dagoen Nafarroako herririk handiena izanda, gure ikasleria garraiatutzat jo beharko litzatekeela eta garraio eta diruz lagundutako jantokia izan beharko genukeela uste dugu, gainerako kasuetan bezala.

Hezkuntza publikoan berdintasuna guztiontzat!